argia.eus
INPRIMATU
Mihimotz baten ohar ez-eredugarriak
Kike Amonarriz @KikeAmonarriz 2021eko uztailaren 19a
Mihiluzek ez du EGA titulua lortzeko balio; Mihiluze ez da antisorgailu ona; Mihiluzek ez du balio erretzeari uzteko...». Inork esango balit, eztabaidaren batean norbaitek horrelakorik defendatu duela edo artikuluren batean horrelako izenbururen bat irakurri duela, ez nioke sinestuko, edo, «nori bururatu zaio horrelakorik?» pentsatuko nuke.

Horregatik, harrituta geratu naiz, ARGIAren 2.063. zenbakian Leioan burutu berri diren «Gaztea izan eta euskara ahoan» jardunaldiei buruzko artikuluaren izenburuan «Mihiluzek, Mantxutek... ez diete balio» irakurtzerakoan. Ez diete balio... Zertarako? Nori? Ez nuen ulertzen.

Zur eta lur geratu naiz, ordea, han izandako mahai-inguruan Xabi Paya moderatzaileak «ea Mihiluzek gazte hizkera sortzeko balio ote duen edo Mihiluze ikusita 40 hitz ikasi behar ote dituzten» galdetu duela irakurri eta izenburuak hortik atera direla ikusita... Baina nori bururatu zaio horrelakorik? Munduan inor baldin bada hori egiten ari denik lerrootatik dei larria egin behar diot; STOP! Eta zoaz korrika medikuarengana, patologia larria izan baitezakezu!

Informazioa osatu nahian azaroaren 11ko Sareko Argiara jo dut eta honako esaldi hau aurkitu: «Mihiluzek eta Mantxutek eta horrelakoek mahaiko ia inori ez diete balio gazte hizkera eredu gisa. Unamuno soraluzearrak ere, ez die aparteko erabilgarritasunik ikusten, baina aitortu du barre egiteko balio izan dutela».

Irakurtzen ari nintzena sinestu ezinik geratu naiz. Esandako eta idatzitako guztiak errepasatu ditut eta inon ez dut aurkitu Mihiluze gazte hizkera eredu gisa inork aurkeztu duen aipamenik. Gure helburua euskaraz eta euskararekin jolastea, gozatzea eta barre egin eta eginaraztea izan baita; eta gure ikusleek barre egiten badute edo azaldutako hitzen edo esaldiren bat baliagarri gertatzen bazaie, gu pozik. Eta kito! Hori bai, inork gurean gazte hizkera eredurik, ligatzeko edo dragatzeko sistema segururik edo aberasteko errezetarik topatuko balu, esan diezagula lehenbailehen, guk dakigula ez baitugu horrelakorik programan.

Are gehiago, inoiz ezer defendatu badugu, justu kontrakoa izan da. Alegia, gazteek ereduen aurka egiten eta egin behar dutela -baita euskararen kasuan ere-. Irakurri Mantxuten hitzaurreak.

Harriduratik atera gabe, erabat kezkatu nau Barañaingo gazte batek Asisko eta biak ez garela bere hizkerarako eredu esan duela jakiteak. Gu eredu? Ez, eskerrik asko! Horixe besterik ez genuen behar! Nola izango gara bada gu berrogeitaka urterekin gazte hizkeraren eredu? Ez gazte hizkerarena eta ez beste ezerena!

Nolanahi ere, egia osoa esate aldera, pozgarria da Leioan, Mihiluze hitzetik hortzera ibili dela jakitea; zerbaiten seinale baita hori. Hori bai, gomendio bat: programa ikusten baduzue... jolastu eta gozatu! Baina ez zilizioak atera eta autoflajelatu azaldu diren hitz guztiak buruz ikasi ez dituzuelako!

Amaitzeko, han planteatutako pare bat galderei buruzko burutazioak. «Hijo puta esaterik baldin badago ea zertarako behar den potroximel» galdetu omen zen eta «iraindu eta min egiteko erdarak balio badu zergatik egin behar ote den euskaraz». Galdera hauen azpian dagoena, ordea, ez al da beste hau? «Erdarak balio badu, zergatik egin behar da euskaraz?

Osasuna eta bekatuak.