Las Gaunasekin lotu izan dut beti, eta Logroñorekin izandako harremanak medio, gustukoa dut bizkaitarra. Entrenatzaile gisa ezagutzen diodana, hedabideei zor diot gehienbat, eta horietan dabilen fauna oro iritziei buruz dudan ustea alde batera utzita, badakit jakin ezin dela neurri zuzenekoa izan. Hala ere, poztu egin nau Donostiara egin izana nahiz eta teraupeta bezala ez diodan etorkizun oparorik ikusten. Izan ere, berak hautatu ez duen taldearen ahalak azalarazterako eta egin dezakeena antolatzerako, berantegi izan liteke. Eta palkoak horretan ez du parterik, inoiz ez du ardurarik onartuko, hori ekiditeko ordaintzen baititu profesionalak. Meñakakoak zuzendu izan dituen taldeak lanean ikusita, fundamentozkoa dela bere talde antolaketa iruditu zait beti. «Espanyolek sartu golean zortzi jokalari genituen baloiaren gibelean...» entzun nion irratiz. Jokalariek erabaki desegokia hartu, eta kaka egin. Lehiakortasuna ez da eskuragarri, ezin da entrenatu. Jokalariak hautatzean bermatu behar den zerbait da. Duenak badu, ez duenak ez du izango. Entrenamendu bereziak disimulatzen lagundu dezake, eta ez beti, begietako koloreak ezkutatzeko betaurrekoen eragina bezalatsukoa da, kentzean dagoena agerian. Asma dezala dagoenaz, eta ez duenaz ahaztu.