argia.eus
INPRIMATU
Klimaren aldaketa
Juan Mari Arregi 2006ko azaroaren 26a

Aurreko asteburuan Klimaren Aldaketari buruzko Gailurra bukatu zen Nairobin (Kenyan). Bertan munduko 180 herrialdetako hainbat gobernutako eta elkartetako ordezkariek parte hartu zuten. Bi astetan, berotegi efektuko gasak gero eta gehiago isurtzeagatik Lurrak jasaten duen berotzea izan da ikergai eta eztabaidagai. Ondorioen zain gauden bitartean, datu esanguratsuak ditugu. Klimaren aldaketak eragin gehien Lurreko kontinente txiroenean izango du: Afrikan. Nazio Batuen Erakundeak emandako datuak beldurgarriak dira: lehorteek eta tenperaturak gehitzeak, horiek dakartzaten laboreen galerarekin batera, migrazioak eta goseteak bikoiztuko dituzte. 2025ean 480 milioi afrikarrek edateko ur arazoak izango dituztela aurreikusi da -urtean 1,8 milioi haur hiltzen da ur faltagatik edota ura kutsatuta egoteagatik-. XXI. menderako aurreikusitako itsas maila igoerak 70 milioi afrikar jarriko ditu arriskuan 2080an. 1990ean dagoeneko milioia zegoen arrisku honen pean. Afrikako kostako azpiegituren %30 arriskuan egongo da. Lehorteek eta laboreen galerek migrazio jendetsuen alde egingo dute. Klima aldaketa honen arduradunak herrialde industrializatu kutsatzaileak dira. Horien ardura da gas isurketak murriztea. Horrek, beste neurrien artean, diru kopuru handiak inbertitzea esan nahi du, beroketa hori murrizteko eta ondorioak txiroenen artean arintzeko. Ikustear dago gobernu bakoitzak zer egingo duen. Ez dezagun ahaztu kapitalismoa bihozgabea dela. Egiturari dagokionez ez da solidarioa.