Juanba Berasategi marrazkilari, ilustratzaile eta zinemagileak jasoko du 2006ko Abbadia saria, abenduaren 1ean Chillida-Leku Museoan egingo den ekitaldian.
Patxi Ezquieta artistak ordenagailuz egindako marrazkiak jarri dituzte ikusgai Iruñeko gotorlekuan. Ironia, kritika eta umorea uztartzen dituen erakusketa abenduaren 10a arte egongo da zabalik.
Virginia Imaz klownak Encantadas obra estreinatuko du azaroaren 25ean Zornotza aretoan. Antzezlaneko protagonista Pauxa izeneko pailazoa da. Pauxak Loti Ederra dela uste du eta bere Printze Urdina azaltzen ez denez, 700 urtez lo egon ostean esnatu egin da. Emakume ereduen inguruan hausnartzen duen obra hau hilaren 26an Berriozarko kultur etxean izango da ikusgai.
Gorka Aginagalde, Eloi Beato eta Josean de Miguel gasteiztarrek umore «kañeroa» ardatz izango duen Kunka izeneko antzerki eta telebistarako produkzio-etxea sortu dute. Kunkaren lehen ikuskizuna Meando fuera de tiesto izango da.