argia.eus
INPRIMATU
Haur eta gazteen depresioa tratatzeko gida
Jabier Agirre 2006ko azaroaren 26a
Madrilgo psikiatra talde batek "Haurren eta adoleszenteen depresioa manejatzeko aholkuak" izeneko gida landu du. Bertan gaitz horri buruz gaur egun indarrean dauden irizpide diagnostikoak aztertzen dira, eta baita gaixotasunari aurre egiteko tratamendu nagusiak ere, direla psikosozialak edo farmakologikoak.

Dokumentua Osasun Mentaleko espezialistek eta Farmaziako Zuzendaritza Nagusiko adituek osatutako lan-talde batek prestatu du. Gurea bezalako gizarte batean gazteen %2 inguru dago depresioak jota, eta gaitza maiztasun berarekin agertzen da mutiko nahiz nesketan, adoleszentziaren aurretik. Adin horretatik aurrera, berriz, ohikoagoa da nesken artean, 13 urtetik aurrera mutilek depresio larriagoak, goiztiarragoak eta diagnostikoz okerragoak izan ohi dituzten arren, sarritan portaeraren asalduei lotuak.

Gida dokumentu tekniko samarra da, osasun-zentroetan diharduten psikiatra eta psikologoei zuzenduta dago, eta bertan haur eta gazteen depresioarekin lotutako sintoma klinikoak jorratzen dira: horien identifikazioa eta tratamendua errazteko sintoma nagusiak -suminkortasuna, erasokortasuna, apatia, astenia, buruko minak, sabeleko mina, apetitu-galera eta eskolako errendimendua jaistea- beste portaera antisozial batzuei lotuta ager daitezke gazteetan, edo baita alkoholaren edo bestelako substantzia batzuen abusuari lotuta ere.

Suizidio-saioak ere hartu behar dira kontuan adin horretako depresioa diagnostikatzeko. Horrexegatik da garrantzi handikoa gaitza ahalik eta azkarren identifikatzea eta profesional sanitarioengana joatea, gai honen inguruko azterketek adierazten duten bezala bere buruaz beste egiten duten adoleszenteen %65-75ek inoiz ez baitute harremanik izan zerbitzu psikiatrikoekin. Eta zer-nolako tresnak dauzka eskuan gaur egun profesionalak? Teknika psikosozialak -terapia kognitibo-konduktuala eta psikoterapia interpertsonala-, batetik, eta botikak -betiere indibidualizatuak- bestetik.