argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2007ko otsailaren 21a

Berriaren estilo liburua

Berria egunkariak lehenengo estilo liburua kaleratu berri du. Ez dute zerotik osatu estilo liburua, Euskaldunon Egunkariaren estilo liburua aurrekaritzat hartu baitute. Formatuari dagokionez, Euskaldunon Egunkariak ateratakoa baino handiagoa da. Formatu hori aukeratu dute, batetik, erabiltzaileari zalantzak azkar argitzen laguntzeko eta, bestetik, patxadaz liburua begiratu ahal izateko. Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak aurkezpenean esan zuenez, litekeena da egunen batean sarean jartzea.


Eremu ez euskalduneko ikastolak legeztatuak

Nafarroako Eskola-Kontseiluak ontzat eman du, Nafarroako hainbat ikastolen egoera behin betiko normalizatzeko asmoz, Ikastolen Elkarteak eta Hezkuntza Sailak adostutako formula jasotzen duen lege aurreproiektua. Beraz, eremu ez euskalduneko lau ikastolak, Irunberriko Arangoiti Ikastola, Tuterako Argia, Vianako Erentzun eta Lodosa-Sartagudako Ibaialde, itunpeko zentroak izango dira. Diru-laguntza berezia jasoko dute 2010. urtea bitartean, historikoki egindako inbertsioengatik eta Nafarroako eremu horretan euskarazko irakaskuntza eskaintzeko egindako ahaleginagatik.


President's Award saria ikastolentzat

Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak, hizkuntza ardatz euskara duenak, jaso berri du Londresko English-Speaking Union fundazioak teknologia berriak erabiliz ingelesa irakasteko ikasmaterial onenari emandako saria. Saritutakoa Space Search CD-ROMa izan da. Aurten, lehen aldiz Erresuma Batukoa ez den elkarte batek jaso du sari hori. Ingalaterrako erreginaren senar Edinburgoko dukearen eskutik jaso zuten Elkarteko ordezkariek saria, bera baita fundazioko presidentea. 1991n hasi zen Ikastolen Konfederazioa Eleanitz proiektuarekin. Ingelesa irakasteko modu egokienaren bila abiatu ziren, beti ere proiektuaren helburua oinarri hartuta: eskolako hizkuntz ardatza euskara izango zen eta gutxienez gaztelania eta ingelesa irakatsiko ziren, hirurak batean landuko zituzten.


Igarkizun lehiaketa

Urtxintxa Eskolak hizkuntza zein adimena lantzeko lehiaketa antolatu du haurrentzat. Aisia.net web gunearen bitartez egingo da lehiaketa abenduaren 4a arte.