Psikoanalisia badela gogorarazten digu baratzak udazkenero. Sasoiaren agoni-doinuekin ezin neke-estaliago baratza zatar dago eta estetikaren ettikak xoratzen gaitu. Udaberria imaginatzea nahikoa da, heldu den hilabetean eguna luzatzearekin sasoi berria abiatzerako, baratza plaza apain-apaintzeari heltzeko. Bukasiera, lagajaio, amaiekin guzien zurrunbiloa. Natura da zurrunbiloa, kaosa. Baratzak borobiltzen du kaosa eta zurrunbiloa espiral perfektu, antinatural, lorategi, humano, disekatu. Espirala tolestatuz, karratuz sortzen ditugun baratzak landareen kartzelak dira. Igitagi proletarioaren peskizan baina kartzela bizitzen saiatuko da landarea. Inola ere mekanikoa ez den dinamika hori unibertso osotik lurrak hartu eta ematen duenaren timoiari lotzen zaio. Kartzelan ere nor. Osasuna emango ez du, bada, baratzakiak!
Berotzen ari dugun klimarekin ur-faltaren ahoak inausiko du dinamika hori. Aurtengo urtekotik ikasi! Joan deneko aspaldiko urte oparoena izan da barra-barra ura izan duen baratzan. Lurra heze eusteko izakingaiak izara gisa baratzako landare artean bertan zabaltzen aurten hasia dela-eta sekulako ortuari emariaz aritua zait lehengoan lagun bat, txoro-txora eginda, xoro. Poz horrek soilik merezi duenez, aurrerantzean lorategi-baratza-kartzelan ura aurreztuz edertzeko, hara bide batzuk! Antzeko ureztatze-premiak dituzten landareak elkarrenganatu, ur gutxiagorekin eta errazago moldatuko zara. Simaur, orbel... eskura den edozein inorkin eman lurrari, materia organikoak lurrak urari eusteko duen gaitasuna hazten du. Lurrazala inorkinez estaltzen den gisan landare handien ipurdi-bueltan harriak ipini, ur gutxiago galduko dute. Landare lehorzaleak lagun heze-pozak haize lehortzailetik babestuko dituzten tokietan jarri eta urzale amorratuenak ureztatzerakoan litekeen edozein ur-jario, ttanttakada, ihes, putzuñoren altzora arrimatu.
Gero beroan ere oparo emango dizun baratzako barazkizko barazkaria barazkalduz osasuntsu, luze biziko zara. Are eta eder bizi nahi baduzu adi, ordea, lurraren dinamika oinarrizkoari: eguzkiak eragindako lurraren eguneroko arnasketa zikloa eguerdiaren ondorengo hiru ordutan iraultzen da; utzi baratza bakean eta siestara. Urte osoan. Eder eta oparo.