argia.eus
INPRIMATU
Atomoog: «Gure emanaldietan giro oso intimista sortzen da, argi gutxirekin eta proiekzioekin»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2006ko azaroaren 26a
Gaur egun elektronikak guztia ordezka dezake?
Abeslari baten ahotsa eta atzean dauden ideia eta sentimenduak oraindik ezin dira ordezkatu. Elektronikak tresna oso erabilgarriak eskuragarri jarri dizkigu. Roland 303 eta antzeko erritmo kutxak instrumentu gisa ulertzen ditugu. Konposatzerako orduan sormen bidea berbera da.

Bizirauteko ezinbestekoa da noizbehinka «zerutik eskegita» egotea?
Zerutik eskegita, goitik, dena txikiago ikusten da. Lehen aurrean zenituen arazo larri horiek oso txiki ikusten dira. Azkarregi dihoan mundu honetan, une batez gelditu, zamak kendu eta lasaitasunez ingurura begiratu nahi izan dugu.

8 urte pasa dira taldea sortu zenutenetik. Ezinegona eragin dizue orain arte diskorik grabatu ez izanak, edo ez zen lehentasuna?
Lokalean abestiak egin ahala grabatzen hasi ginen, egindako abestiak berrentzun ahal izateko. Halako batean abesti horiekin zer egin pentsatu eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxera bidaltzea erabaki genuen.

Dena dela, lan hau prestatzeko denbora luzea igaro duzue entsegu lokalean eta estudioan. Oso perfekzionistak zarete?
Lan giroak perfekzionistak izaten lagundu digu. Ez geneukan presiorik, eta guztiz gustura geratu arte abestiak berrikutu ditugu. Gogor ibili gara lanean musika eta irudiak lantzen.

«Ximaurretan bihotza estimuz ongarritzen da». Kaka artean egoteak on egiten digu gauzak baloratzeko?
Abesti honen hitza Gasteizko Garden taldearena da eta guztiz ezkorra zen. Guk zentzuari buelta eman nahi izan diogu. Ximaurretan zein zerutik eskegita gauzak baikor hartu behar dira. Bizitzaz gozatzeko daukagun aukerari balore eman behar diogu.

Zelakoak dira zuen zuzenekoak, oso intimistak?
Bai. Hirurok taula gainean eserita, atzean pantaila irudiekin, eta ahalik eta argi gutxien. Argia proiekzioek ematen digute, irudiek abestiak entzuten lagundu nahi dute. Giro oso intimoa sortzen da.

------------------------------------------------------------------------
Zerutik eskegita
Atomoog
Gaztelupeko hotsak
Iraupena: 46'56'' 12,60 euro

Soinu elektronikoak naturalizatuta

Soinu elektronikoak naturalizatzen eta zabaltzen aritzen den laukote hau Gasteiztik dator. Zortzi urte egin dituzte entsegu lokalean kantuak idazten, grabatzen, esperimentatzen eta horiek irudikatzeko sorkuntza lantzen. Halako batean, lortutakoarekin gustura, diskoetxe batera jo zuten eta ordutik emaitza jendaurrean erakusten dihardute. Oinarri elektronikoa duten abestiak dakartzate besapean, baina gitarra, bateria eta Kattyaren ahots goxo bezain sakonarekin askotariko sonoritateak lortu dituzte: rocka, jazz ukituak, giro ilunagoak, industrialak eta beste. Kantu ia guztiak euskaraz abesten dituzte: baikorrak, existentzialistak eta baita salaketa kutsua dutenak ere. Elektronika bere esparrutik ateratzeko, beste soinu batzuekin ezkontzeko eta askori belarriak irekiarazteko, ahalegin polita.