Adierazpen askatasuna ez da eskubidea, hain gutxi unibertsala. Gero eta berba gutxiago maite ditu Espainiako adierazpen askatasunak. Gero eta berba gutxiago maite ditu, justiziaren balantza beti eskuinerantz zamatzen duten epaileek zigortzen dutelako fede onekoa ez dena. Mehatxua erabili izan du erlijioak berak idatzitako historian berbaren pausoa laburtzeko. Sexu harremanak iradokitzen zituzten koplak batu eta ama birjinarekiko loria goratzen zuten sermoi bihurturik, argitaratu zituen Azkuek. «Ez nago ados diozunarekin baina beti defendituko dut esateko duzun eskubidea» betikotu ei zuen Voltairek edo enparau batek.
Noiz hasten gara antzeko esanak ezagutu eta aztertzen? Ez dut gogoan ikastolan horrelakorik izan genuenik ikasgai. Ez dut gogoan erakutsi zigutenik iritziak eta iritzi-emaileak bereizten edo lotzen. Jolasteko orduetan sustatu zitzaizkigun lagun hurkoarekiko aurreiritziak eta berdin zitzaigun haren esanek gureekin bat egiten zuten ala ez; gogoko ez bagenituen entzun orduko gaitzesten genituen. Gaur ere antzera argitzen du egunak. Suzko armen desagertzea aldarrikatzen dutenek berbak erabiltzen dituztenak giltzapetu gura dituzte eta horretarako suzko armak darabiltzaten polizia zein soldaduak dituzte. Sociedad Alcoholica taldea Espainiako adierazpen askatasunak epaitu du, kantatzen duenarengatik, esaten duenarengatik, pentsatzen duenarengatik. Espainiako adierazpen askatasuna ez dator SAk esaten duenarekin bat eta badaezpada esateko eskubidea ukatzen dio. Isilik egoteko askatasuna ezarri gura diete. Iñaki de Juana Chaos ere Espainiako adierazpen askatasunak epaitu du eta oraingoan, hain da bihozbera, laurogeita hamasei barik hamabi urteko zigorra ezartzea eskatu du. Eta Iñakik, adierazteko askatasun osoz, ados ez dagoela badio ere, suzko armak epel dituzten polizien babesean iragan beharko ditu beste hamabi urte. Espainiako adierazpen askatasuna euskaldunon adierazpen askatasuna den bitartean mutuagoak izan beharko dugula gogorarazten digute behin eta berriz, erlijio egileek sermoietan legez.
Espainiako komunikabide handienetako iritzi emaileek sekulako astakeriak esaten dituzte euskaldunon kontra hasi eta oinarrizko bizikidetzarako begirunearen kontra, sekulakoak. Baina eurek adierazpen askatasun propioa dutenez ez dute armatutako polizien beharrik. Nik neure tartetxo honetakoa profitatu eta diot gurago nukeela Sadam Husseinen urka-bilurra zabalagoa balitz.