argia.eus
INPRIMATU
Julio Perez-Irezabal, Euzko Irakastola Nagusiko ikasle ohia: «»Espezialista hoberenak hartu zituzten, kontuan izan gabe zer joerakoak ziren»
2006ko azaroaren 19a
Bilbon 1936ko abenduan hasi zen unibertsitatearen berri nola izan zenuen?
Basurtokoa abiatu zenerako, hasita nituen ikasketak Valladolideko Unibertsitatean. Baina 1936ko udan Bilbora etorri nintzen oporrak pasatzera eta gerra hasi zelako ez nintzen itzuli Valladolidera. Gero, ikasturtea eta unibertsitatea irekitzear zegoenean, nire aitak (medikua zen eta irakaslea izango zen unibertsitatean bertan) animatu eta izena eman nuen. Ikasturte hartan, bi eta hirugarren mailako ikasgaiak jaso nituen.

Euskal Unibertsitateak fakultate bakarra izan zuen eta hasi berria. Valladolidekoarekin parekatuta zer iruditu zitzaizun?
Maila Valladolidekoa bezain ona zen eta hori, hasiberri batentzat, meritu handia zen. Eskola ematen zigutenak espezialista hoberenak ziren eta oso ongi prestatuta zeuden. Nik ez nuen desberdintasunik nabaritu Valladolidekiko. Basurtoko Ospitaleko medikuak ziren. Oroitzen naiz Gimon zegoela, Rey Baltar, nire aita (Francisco Perez-Irezabal), Cesareo Diaz Emparanza... Azken honetaz, bereziki, oso oroitzapen ona dut.

Dena den, gerran izanda bitxi samarra izanen zen ikasketak aurrera eramatea, ezta?
Hasieran, gerra ez genuen nabaritu. Guk ikasi besterik ez genuen egiten. Baina gero bai. Etorri ziren bonbardaketak... Gero eta jende gutxiago zegoen Bilbon eta guk geuk hartu behar izan genuen hainbat ardura. Ni esate baterako, eta ikaslea nintzen orduan, Bilboko zubiak leherrarazi zituzten egunean, Rey Baltar ginekologoarekin operazio gelan aritu nintzen, laguntzaile, lehen laguntzailea... Pentsa!

Ikasturte motza eta unibertsitate garai laburra, zer ondorio jaso zenituzten?
Bilbon egindako medikuntza ikasketek ez zuten balio, noski. Frankistek ezin zuten onartu horrelakorik. Baina ikasitakoarekin, gerra amaitutakoan joan ginen azterketak egitera, ikasle libre gisa eta nahiko erraz gainditu genituen. Gero jarraitu nuen eta 1943an hasi nintzen mediku lanean, jubilatu arte. Irakasleek okerrago izan zuten.

Zer gertatu zitzaien?
Hor egundoko «garbiketa» burutu zuten. Gutxienez irakasleriaren erdia ezkertiarra izanik, ihes egin behar izan zuten edo atxilotuak izan ziren. Hemen gelditu zirenak, Gimon, Viar, nire aita... modu txarrean atxilotu eta preso eraman zituzten Puerto de Santamariara. Gero beraien kontra jarritako salaketak ezin izan zituzten aurrera eraman eta zigorra gutxitu zieten. Baina hasierakoa 30 urteko kartzelakoa izan zen. Nire aita trukaketa bati esker atera zen eta Frantziara joan zen. Gero etorri zenean, ezin izan zuen medikuntzan aritu. Klinika ere konfiskatu zioten eta bera ez zen inongo alderdikoa. Ezkertiarra bai, baina militantziarik gabekoa. Hala ere, lanbidea betirako izorratu zioten.

Unibertsitate horren bultzatzaile izan ziren Leizaolak, Apraizek eta Bilbaok zioten beste fakultate batzuek laster osatuko zutela.
Nik uste dut etorkizunik bazuela, borondate izugarria zegoelako eta batez ere jende oso prestatua zegoelako. Eta lehen esan dudanarekin lotuta, unibertsitatea hasi zenean, eskuindarrek ez zuten inolako oztoporik izan irakasle izateko. Hor hartu zituzten espezialista hoberenak, ospitalean nagusi zirenak, kontuan izan gabe zer iritzi eta joerakoak ziren. Beren arloan oso onak izatea baino ez zieten eskatu. Nik uste dut jokabide horrekin edozein unibertsitatek aurrera egin dezakeela, gureak oso gutxi iraun zuen arren.