argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2006ko azaroaren 19a

Elixabete Etxebeste irakasleak eta Elio Garcia arkitektoak irabazi dituzte Jorge Oteiza Fundazioa museoaren 2006ko Itziar Carreño ikerkuntza bekak. Etxebestek Oteizaren obrak musikarekin duen harremana ikertuko du eta Garciak artistaren ondareak pentsamendu zientifikoarekin duen lotura.

Théatre des Chimères konpainiak Mamie Mémoire antzezlana eskainiko du hilaren 15ean eta 16an Miarritzeko Koliseoan. Hervé Jaouen frantziarrak idatzitako izen bereko nobelaren egokitzapena da obra hau. Alabaren etxera bizitzera doan alzheimerra duen amonaren istorioa kontatzen du Jean Marie Broucaretek zuzendutako antzezlanak.

Haritz Iruretak bere diseinuzko graffitiak jarri ditu ikusgai Andoaingo Bastero aretoan. D-Graff izeneko erakusketa abenduaren 23 arte izango da zabalik.

Betagarri eta Kloratita taldeek disko berriak kaleratu dituzte. Gasteiztarrek ska doinuak bildu dituzte Hamaika gara (Oihuka) diskoan. Kloratita taldeak Etikaz mintza gaitezen izenburupean kaleratu du bigarren diskoa, Musikherria diskoetxearen babesean. Diskoaz gain, liburu bat eta DVD bat ere argitaratu ditu.

Paulo Iztuetak Nikolas Ormaetxea Orixe idazleak bidalitako 285 gutun eta besteek Orixeri bidalitako 88 bildu ditu Orixe, gutunak (1917-1961) liburuan. Utriusque Vasconiae argitaletxeak plazaratu du Iztuetak prestatutako lana. Liburu horrekin Gutun-sorta saila abiatu du. Bertan, euskal idazle klasikoen gutun pertsonalak bilduko dituzte.