argia.eus
INPRIMATU
Gizarteak behar du azalpen argiagorik
Xabier Letona Biteri @xletona 2006ko azaroaren 19a

ESPAINIAKO justiziarenak ezagututa, Iñaki de Juanaren 12 urteko zigorra gertagarrien artean zegoen, baina oraingoan ez zen halakorik espero. Ezustekoa, beraz, bai epaiak bere baitan biltzen duen krudelkeriagatik, bai bake prozesuaren testuinguruan duen karga politikoagatik. Amesgaiztoa ez da bukatu eta, gainera, tragedia usaina dario.

Atutxa auzian Auzitegi Gorenak emandako danbatekoa edota Batasuneko kideekin batzartzeagatik irekitako auziak dira azken boladan Espainiako botere judizialetik bake prozesua zangotrabatzeko hartutako ekimenetakoak. Kontua da ea nola egiten duen PSOEk tamainako olatu judizialari aurre egiteko. Azaroan hasiko dira Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren osaketa berritzeko negoziazio korapilatsuak, eta hor izango da PSOEren ahalmenaren termometro bat.

Zuzenbide estatuan -teorian- diren hiru botere nagusietako bat da botere judiziala eta hor gune erabakigarrienetan gehiengoa PPren aldekoa baldin bada ere, beste bietan gehiengoa PSOE eta gainerako alderdien eskuetan da. Hau da, PSOEk bultza ditzake legeen aldaketak eta epaileak egoera horretara moldatu beharko dira. Ez da operazio samurra, besteak beste, PSOEk kontrolatu behar duelako halako aldaketek Espainiako iritzi publikoaren aurrean duten eragina, eta PPk horiek nola balia ditzakeen.

Baina pentsa liteke, halaber, halakorik egiten ez bada PSOEri ere interesatzen ez zaiolako dela, berak ere justiziaren mailua negoziazioan erabili nahi duelako. Bestela nola uler liteke, azken hiruzpalau urteetan PSOEk ekimen judizial askotan izan duen akuilu lana? Nola uler liteke Alderdien Legea, Parot doktrina edo De Juanaren auzipetzea moduko ekimenak bideratzea? Batetik, PPren erasoetatik defendatu beharra izan du, baina bestetik, argi da botere judiziala ere arma gisa erabili duela ezker abertzalea presionatzeko. Eta halako enborretik halako ezpalak.

Bake prozesua zalantzan jartzen da behin baino gehiagotan, baina Euskal Herrian eta estatuan bake prozesuaren aldekoak kontrakoak baino gehiago baldin badira, aurrera aterako da. Edozein eratan, bake prozesua bere sinplean aipatzea ez da nahikoa, aipatu beharko da, halaber, zer motako bake prozesuaz ari garen. Eta bake prozesuaren alde politikoa -denen ustez garrantzitsuena- alderdi politikoen artean hitzartu behar zuten ezta? Eta zertan da bake prozesuaren atal politiko hori? Informazioa ematearen oreka non dagoen zehaztea zaila da eta, gainera, dabiltzanek finkatu behar dute marra non jarri, baina gizarteko ahalik eta eragile gehien alde nahi badira, zailtasunak non diren azaldu behar da eta mezu ahalik eta bateratuenekin egiten bada are eta eraginkorragoa. Une horren larria izanik eta halako bultzaden beharrean, gehiegi eskatzea ote da?