argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko uztailaren 21

Zentsuraren aurkako doinuak Gernikan

Azaroaren 16tik 19ra bitartean Freemuse (Freedom of Musical Expression) jaialdia egingo da Gernika-Lumon. Euren ibilbidean zehar zentsura jasan duten lau musikariren emanaldiak izango dira entzungai Lizeo Antzokian. Hilaren 16an Ferhat Tunç kurdistandarrak joko du, 17an Miguel Angel Estrella argentinarrak, 18an Paco Ibañez espainiarrak eta 19an Clotaire K egiptiar-libanoarrak. Gernikako jaialdia zentsuraren aurkako nazioarte mailako ekimen zabal baten (www.freemuse.org) parte da eta irauten duen lau egunetan, gai honen inguruko mahai-inguruak egingo dira. Kontzertu bakoitzerako sarrerak 6 euro balio du.


Letren leihotik begira

Letren Leihotik euskal literaturaren inguruko egitasmoa jarri dute abian Bizkaiko zenbait udalerrik, Enkarterriko mankomunitateak eta Galtzagorri haur eta gazte literatura sustatzeko elkarteak. Literatura eta jolasa uztartzen dituen ekimenak Galdakao bisitatuko du lehendabizi eta abenduaren 11n Basaurik hartuko du erreleboa. Egitasmoak Mattinen ilustrazioez eta Yolanda Arrietaren testuez hornitutako egutegiak ditu abiapuntu. Hala, egutegi horien inguruan antolatutako ekitaldi sorta ederra izango da Galdakaon lehenik eta Bizkaiko beste hainbat udalerritan gero: Itziar Zubizarretak zuzendutako literatur aretoa, Patxi Zubizarretaren emanaldia, Yolanda Arrietaren hitzaldia...


Gure historiaren lekukoak Renon

Renoko Euskal Liburutegiak 1960ko hamarkadatik gaur arte bildutako dokumentuak katalogatu dituzte hainbat adituk. 239 kaxatan gordeta zeuden dokumentuak, argazkiak eta ikus-entzunezko materialak katalogatu dituzte. Horien artean 36ko Gerraren inguruko dokumentuak, Philippe de Veyrin historialariaren testuak eta euskal etorkinei buruzko artxiboak daude, besteak beste.

Ikus-entzunezkoen II. Rallya

Aiaraldean izango da Topaguneak antolatutako Ikus-entzunezkoen Rallyaren bigarren edizioa, abenduaren 16an. Egun horretan, parte-hartzaileak Aiaran, Amurrion, Artziniegan, Laudion eta Okendon bilduko dira. Hamar ordu izango dituzte hiru minutuko euskarazko bideo-lana egiteko. Jorratu beharreko gaia momentu horretan jakinaraziko zaie. Hiru sari banatuko dira (1.500, 1.200 eta 900 eurokoak) eta lan guztiak abenduaren 17an proiektatuko dituzte Amurrioko kultur etxean. Izena emateko epea azaroaren 27an amaituko da.
Informazio gehiago: www.topagunea.org/rallya



Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Jokin Zaitegi XX. Itzulpen Sariketako oinarriak argitaratu dituzte. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Orhan Pamuk idazle turkiarraren Kar (Elurra) lanaren lagin bat itzuli beharko dute. Jatorrizko hizkuntza turkiera du baina hizkuntza hori menderatzen duen euskal itzultzailerik aurkitzea zaila denez, antolatzaileek testuak ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz jarriko dituzte partaideen esku. Lanak abenduaren 31a baino lehen aurkeztu beharko dira. Irabazlea 2007ko urtarrilaren amaieran ezagutaraziko dute eta 9.000 euro jasoko ditu Kar eleberria osorik itzultzeko.