Tolosa: Iragana eta orainaren uztarketa


2006ko azaroaren 12an
Gaztelako Alfontso X.a Jakituna izan zen Segura eta Ordiziari bezala, Tolosari hiribildu izaera eskaini ziona, Nafarroarekiko muga zaintzeko hiriguneak sendotu eta gotortzeko helburuarekin. Baina ezin pentsa dezakegu 1256ko irailaren 13a arte inguruok gizon-emakumeon jarduerarik ezagutu ez zutenik. Oria ibaiaren erdibidean zegoen Laskoain-go ibarreko arrasto zaharrenak 9.000 urte atzera garamatzate, San Esteban baseliza zegoen lekuan egindako indusketen aburuz, eta ordutik inguruok milaka pertsonentzat igarobide eta bidegurutze ezinbestekoa izan dira. Hainbat faktorek bultzatu zuten aipatu ibarrean lehen giza komunitateak egonkortzea. Ibar emankorra zen Oria ibaiak bustitzen zuen Laskoaingoa, eta geografikoki erabakiorrak izan zitezkeen beste hainbat elementu ere bazituen. Esaterako ibaiak eragindako Ernio eta Uzturre mendien arteko derrigorrezko pasabide estua; edo ibai berak estugune horretan sorturiko urez inguraturiko uharte itxura.

Goi Erdi Aroa arte inguruotan baserri, baseliza eta dorretxeek betetzen zuten paisaia naturala, baina pixkanaka, derrigorrezko igarobideak izatera deituak zeuden guneetan merkatal jardueran eta artisautzan eskarmentua zuten gizon-emakume okzitaniar eta frankoak ezarri ziren lehenengo hiriguneei sorrera emanez.

Azken ikerketen arabera, eta Elena Barrena historialariaren tesiari eutsiz, badirudi Frantziako Tolosako etorkinak zirela Uzturre eta Ernio arteko Laskoain ibarrean, Andia Dorretxearen babespean bildu eta etorkizuneko Tolosari itxura ematen hasi ziren biztanleak. Baina zergatik hemen? Gipuzkoa Pirinioak ekiditeko pasabide zentzuzkoena zen; Oria ibaia lurralde horietako luzeena da, kosta eta Arabako mugak lotuz eta Laskoain ibarra erdibidean utziz; Iruñerako eta Gasteizerako bideak bertan elkartzen ziren; gainera Done Jakue bidearen adar esanguratsuetako bat bertatik igarotzen zen, Gipuzkoako barnealdeko bidea hain zuzen ere. Horrek Kaltzadako Santo Domingon Orreagatik zetorren bide nagusiarekin egiten zuen bat.

Eta zergatik Tolosa? Etorri zirenak bertakoak izan zitezkeelako eta zergatik ez, bai Frantziako Tolosa, nola aukeraturiko gune hau ibai batek sorturiko uhartearen gainean eratzen zirenez, euren jatorrizko hiriaren oroitzapenak eragiten zizkietelako.


Alfontso X.aren hiribildua

Nola igaro zen toulosetarren Tolosa hirigune izatetik hiribildu izatera? Gogoz edo gogoz kontra, 1200. urtean Gipuzkoarrek Nafarroako erregearekiko zuten leialtasuna Gaztelakoari izatera pasa ziren. Urte hartatik Gipuzkoako ekialdea bi erreinuen arteko muga izatera igaro zen eta Tolosako hirigunea mugan gelditu zen bete betean, Nafarroako lurretatik bost kilometro luzeetara. 56 urte beranduago, Alfontso X. Jakitunak muga hau indartzeko beharra somatu zuen eta defentsa lerro honetan zeuden hainbat herri hiribildu gisa sortu edo birsortu zituen. Horietako bat izan zen Tolosa, zeinari beste hainbat eskubide emateaz gain harresiak altxatzearena ere eman zion.


Gaur egungo Tolosa

Baina ez da historia soilik Oriaren hiriburuak duena. Herri bizia da, makina bat jarduera eta ekitaldik osatzen dute bere urteroko egutegia: Abesbatzen eta Txotxongiloen Nazioarteko lehiaketa, TolosandBlues jaialdia, Bonberenea autogestio gunearen programazio alternatibo iraunkorra, ingurugiro jardunaldiak...

Itxuraz eraberritua dago, eta noizbait industria astunaren zamak grisez pintatu bazuen ere, bere hirigintza gaur egun loratsu agertzen da koloreak eta formak zainduz. Bere Alde Zaharra bisitatzea nahikoa da horretaz jabetzeko.

Tolosako Alde Zaharrean aurkituko dugun Andre Maria eliza XVI. mendean eraiki zuten, nahiz eta gaur egun garai ezberdinetako eranskinak izan. Andre Maria eliza gotikoa da estiloz, baina dorrea barrokoa du, 1761ean erantsia hain zuzen ere. Alboko kapera batean Done Eztebe ermita zaharreko ate erromaniko gotikoa dago, ermita hartatik harriz harri aterea. Eliza horretatik gertu daude Santa Klara komentua, bere XVII. mendeko eliza eta Atodo jauregia, Pizkundekoa. Merezi du XVI. mendeko jauregiaren ezkutua eta balkoi ederrak begiratzea. San Frantzisko eliza berriz, XVI. mendean eraiki zuten.

Herriko Kale Nagusia zeharkatu eta Gaztelako atea igaro ostean, Trianguloa plaza ezagunaren erdian, Txillidaren Atauts eskultura esanguratsua ikusiko dugu. Oso gertu dago Probintziako artxibategia, Gipuzkoan hormigoia erabiliz egindako lehen eraikinetako bat hain zuzen ere.

Trianguloa plazaren ondoan, Oria ibaiaren alboan, Tolosaren ikur den Zerkausia arkupea dago. Zerkausiak aldaketa ikaragarriak jasan ditu azken urteetan, baina herriaren 750. urteurrenerako, berritze lan handiak izan ditu. Zuriz margotu dute eta zuritasun horrek Zerkausia kaleko etxe koloretsuekin kontraste handia egiten du. Bertako kaleak ere badu aldaketa nabarmenik, zorua baldosa gorriz bete baitute.

Trianguloa plaza zeharkatu eta San Frantzisko ibilbidetik jarraitzean, Leidor aretoarekin egingo dugu topo. Tolosaren urteurrena dela eta, Leidor aretoa berritzen denbora asko igaro dute. Aretoaren akustika, erosotasuna eta eszenatokia hobetzea izan da lanaren helburua. Arrazoi hori dela eta, aretoaren goiko aldeari maskor forma eman diote. Bertan egiten da Tolosako Abesbatza Sari Nagusia.

Gaur egun Tolosara heltzen diren erromesek, San Frantzisko pasealekutik aurrera, Oria ibaiaren hertzetik jarraituko dute. Araba etorbidea zeharkatu eta Bentaundi auzora helduko dira. Aurrera eginda, Aldabatxiki auzoko norabidea hartuko dute auzo-bide estu batetik. Aldaba Tolosakoa izan arren Alegiatik oso gertu dago. Auzo horretan oso ezaguna da San Migel arkanjeluaren eliza. Oraingo eraikina, aurrekoa zegoen lekuan dagoena, 1962an eraiki zuten eta Perez de San Roman da bere egilea. Harriz eta hormigoiz egindako forma laukizuzeneko eraikin txiki bat da. Absidea berriz, laua du. Aralar osorik ikusi daitekeen beirate handi batekin osatua dago San Migel Arkanjeluaren eliza. Alegiatik Beasain, Segura eta San Adriango kobazulora heltzen dira erromesak.

Garaiak asko aldatu dira lehen erromesak Done Jakue bidea egiten hasi zirenetik. Lehen bekatuak barkatzeko edo penitentzia egiteko zeharkatzen zen bide hura, erabat aldatu da. Baita bidea egiteko arrazoiak ere. Hala ere, hainbat herri eta paisaia zeharkatzen dituen Done Jakue bideak, asko gozaraziko ditu erromesak Tolosara heltzean.

Done Jakue bidea Tolosan barrena

IX. mendean, Iria Flaviako Teodomiro gotzainak Santiago Apostoluaren arrastoak zituen hilobia aurkitu zuen eta horren ondorioz Conpostela hiria sortu zen. Denbora gutxian inguruko herrietatik lehen erromesak heltzen hasi ziren eta Asturiasko erregeak bertan harri eta buztinez egindako basilika bat eraiki zezaten eskatu zuen. Aurkikuntzaren berria berehala zabaldu zen Europa kristauan, eta horrela Conpostela, Erroma eta Jerusalemekin batera erlijio honetako munduko hiru gune santu garrantzitsuenetako bat bilakatu zen.

Laskoaingo ibarra hiru kristau gune horietako batera joateko bidean zegoen, jarduera ekonomikoa bultzatzen zuten artisau eta merkatariek bazekiten bide horien garrantzia zenbaterainokoa izango zen eta inguruok horretaraxe deituak zeudela zirudien.

Hamar urtez hiriburu
Tolosa sortu zenetik bere garrantzia eta nagusitasuna probintzia mailan gero eta nabariagoa zen. Ibai nagusiaren erdibidean zegoen uharte batean harresiz inguratutako herri hori, derrigorrezko bidegurutzea zen. Mendeetan zehar sona handia hartu zuen eta gaizki ulertuak ekiditeko eta Frantziako Tolosatik bereizteko hainbat bidaiarik «Toulossette» goitizena ere eman zioten gaurko Tolosari.

Tolosako Domenjon de Andiak -«Gipuzkoako Erregea» bezala ezagutu zenak-, gerora Gipuzkoako Probintzia izango zenaren aurrekaria bultzatu zuen lurraldeko herrien anaiartearen bitartez, XV. mendean. Beste tolosar batek, Miguel de Aranburuk, Gipuzkoako foruen bilketa gauzatu zuen eta Aldundiak Tolosan argitaratu zuen bilketa hau 1696 urtean. Tolosan moldiztegi bidez egindako lehen argitarapena izan zen. Tolosarrak ziren Batxiller Zaldibia eta Pablo Gorosabel historialariak; Mokoroa, Bello Portu eta Gorriti musikariak (azken hau adopzioz); Tolosarra izan zen baita ere Juan Sebastian Elkanorekin batera munduari bira eman zion Pedro Tolosa.

Tolosa izan zen Gipuzkoak mende luzeetan izan zuen hiri nagusia eta 1844an bertako hiriburu izendatu zuten Batzar Nagusiek. Hamar urte beranduago ordea, Isabel erreginak, tolosarren izaera karlista eta foruzalea zigortzeko, Donostia liberal eta isabelinoari eskaini zion betebehar hau; probintziako herrien eta Batzar Nagusien borondatearen aurkako erabakia izan arren.


ASTEKARIA
2006ko azaroaren 12a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude