argia.eus
INPRIMATU
Zogidun maltzoen altzoan
Jakoba Errekondo 2006ko azaroaren 05
Jakinaren gainean hitzan, aixkiria! Arizkungo Gamioxarreko dolarean gazte baztandarren ekemenak kirikoketaren trostan, lan doinuetan, beteak ditu, dagoeneko, sagar-muztioz bukoi eta barrikote. Bertaratu ez izanaren damuaz lotsagorritzerako hego zoro ederrak ufadaka hartzidurari harro eusten diola jakin ezazu.

Udazkeneroko erretolikan, gorria izan zen eguna. Muxugorriak lanean, gorri, Baztan-arbel gorrizko dolare-askan. Sagarrak, elkor zikoitz gorri, jo egin behar mazo esku gorriz. Muztio jario ezpainetan barrena. Txerrikiak belztutako saldatan ilar benabar gorriak. Etxeen kantoi arteko kamio zahar karrejoko harri gorrietan doinuak lanean, zur eta adar doinuak.

Herriko plazarainoko karrejoa. Onil itxurako mendi sakan batean plaza borobila. Belardia plazan, dantza borobiletarako, lanen dantzetarako. Bueltan astigar zirkulua, herritarren babes, mairu-baratz; sustraiak lainoetan eta emana lurrean, zur eta adar. Kirikoketa mazo-kirtenak, txalaparta makilak eta dantzarien hanka-esku-buruak zerura, birunda-mirundan jaiaren kariaz soineko gorriz pinpirindutako mendiak maite-maite ermamiekin laztanduz.

Nekazaritza homeodinamikoan liokete: aldeko energia guztien ezohiko batura totilgalanta: plaza borobila, belardi-plaza, astigar zirkulua, doinu gozoak, irribarrezko aurpegi alaiak eta iratzeak gorritutako mendi inguruetan tontorrak maltzoz gotortuak. Gu eta gure hartzidurak harrotzen dituen haize berak harrotu ez ditzan zogia gainean duten maltzoak. Plaza honetan berriz ere izango da "zaina" dantzarien aztaletan eta gazte taldearen ekemenetan.