Baiona, XIV. mendea. Ardoaren neurrian iruzur egiten zuten tabernariei erpurua mozten zieten. 1304an, gainera, ustezko iruzurra jasan zuen pertsonak zin egitea delituaren frogatzat jotzen zen. Ez zen tabernari asko egongo Baionan hatz guztiak gordetzen zituena. Baina neurri gabeko zigor hau ez zen salbuespena izan gurean; hona hemen egungo ikuspegitik absurduaren muga gainditzen duten beste adibide batzuk:
3 1297an Migel De Viana preso sartu zuten San Adriango gazteluan asto bat lapurtzeagatik. Gau hartan bertan hil zen ziegan zegoela. Hala ere, sententziak zioen urkatuta hil behar zuela eta hurrengo egunean gorpua lepotik zintzilikatu zuten, delitugileak ezarritako zigorra jaso zezan. XV. mendean Santxikotorra Bardeetako bandidorik ezagunenak bere buruaz beste egin zuen, baina kasu honetan ere gorpua urkatu egin zuten gero.
- Nafarroako Comptos Ganberako erregistro baten arabera, 1333an Garcia de Rada erre egin zuten Valtierrako Sancho Rodriguezen etxean lapurreta egiteagatik eta asto batekin seigarren manamendua hausteagatik.
- Urte hartan bertan, 1333an Tuterako Pedro Rodriguezi belarriak moztu zizkioten ardi batzuk lapurtzeagatik. Jacob Fustiñanako judua ere belarri gabe geratu zen bi opil ostu ondoren. Emakumeen belarriak ere arriskuan zeuden; hala, 1334an Artaxoako Maria Xardinari belarriak moztu zizkioten «lapurreta txikiengatik»; eta zigor bera jaso zuten Sansoaingo emakume batek oihal batzuk lapurtzeagatik eta Pitillasko beste batek irina baimenik gabe hartzeagatik.
- 1417an Baionako arrantzale batek igandez lan egitea erabaki zuen. Jainkoaren eguna ez errespetatzeagatik ontzia erre zioten, masta, arraun, sare eta guzti Lapurdiko hiriburuko Nôtre-Dame plazan.
- 1486ko irailaren 28an Gasteizko udalak 60 marabedi ordaintzera zigortu zuen ezpatadantzari talde bat, «sortzen duten iskanbila eta odol isurketagatik». Ez dakigu dantzariek delitua propio egin zuten ala odol isurketa trebetasun faltaren ondorio izan zen.
- Urte horretan bertan, Bergarako alkatea bereziki krudela izan zen Pedro Ortiz Arizmendi herrikidearekin. Ez zaigu iritsi egindako delituaren berri, baina bai zigorraren xehetasunik: lehenik eskuineko eskua ebaki zioten. Gero eskuak eta hankak lotu, lurrera bota eta burua estali zioten, azkenik lepoa mozteko. Sententziak zioen zigortua odolustutzen utzi behar zela «arima gorputzeko beste zatietatik banandu arte».
Astakeria hauek guztiak -eta horrekin ez ditugu soilik astoa protagonista duten kasuak aipatu nahi- ez ziren soilik agintarien muturreko interpretazioen ondorio izan, zentzu gabeko legeak ere hor baitzeuden. Baina legeriak beste atal oso bat merezi du eta hurrengo baterako utziko dugu.
Arrastoak
Mona lisaren irribarrea misteriotsua zela erabaki zuen behin norbaitek. Badirudi Leonardo Da Vincirekin zerikusia daukan guztiak misterioa gorde behar duela halabeharrez. Berriki Giocondaren irribarrearen interpretazio berri bat eman da argitara: irribarre horrek modeloa haurdun zegoela esan nahi omen du. Gogora dezagun, beste teoria batek Mona Lisa benetan mutiko gazte bat zela zioela. Eta erretratatua Leonardo bera zela esan duenik ere bada. Are gehiago; Leonardoren homosexualitatea frogatzen duela -homosexualek, homosexual izateagatik, euren burua emakumez jantzita erretratatzeko beharra sentituko balute bezala-. Eta irribarre horren atzean, misteriorik, jeinuaren keinu berezirik edo mezu gorderik ez balego? Orduan Mona Lisa algaraka egongo zen haren inguruan esaten diren guztiak entzunda.