argia.eus
INPRIMATU
Aeronautika eta diru publikoa
Juan Mari Arregi 2006ko azaroaren 05a
Joan den asteburuan, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-en, BECen, Aerotrends 2006 nazioarteko aire espazio topaketa izan da. Tendentzia berriak aztertu eta akordio komertzialak adostu ahal izan dira. Topaketa honek, EAEko aeronautika guztiz kualifikatua ezagutzeko balio izan du: 32 enpresa, eta hornitzaile eta laguntzaile gisa, askoz gehiago. Azken horiek 5.700 langile dituzte. 2006. urtean %5 haziko den sektorea da eta merkatua, batez ere, kanpoaldera begira dago -urteko 780 milioi euroko fakturaziotik 525 milioi euro-. Munduko fabrikatzaile nagusiak, besteak beste, Airbus, Boeing, Bombardier eta Embraer, Barakaldon egon ziren. Lakuako Gobernuak adierazi zuen pyme aeronautiko euskaldunentzako laguntza gehiago ematea aztertzen ari dela, nazioarteko proiektu handietan parte har ahal dezaten. Horrelako proiektuek inbertsio handiak behar dituzte, batez ere I+G arloan. Berreskurapena oso geldoa izaten da, hamabost edo hogei urte bitartekoa, proiektuen finantzaketan datzalako eta ez kapitalaren inbertsioan. Ezinbestekoa da, beraz, Lakuako Gobernuak proiektu bakoitza baloratzea eta laguntza horien berreskurapena bermatzea. Ez dadila gertatu beste sektoreetan gertatzen dena: gero desagertu edo beste leku batera joaten diren enpresei diru publikoa banatzea eta zergan onurak ematea. Eskergarria litzateke, gainera, gure diru publikoarekin espazioko proiektu aeronautiko militarrak ez babestea.