Estatu baten barne arazo izatea izan da orain arte Europako Legebiltzarrean euskal auzia ez jorratzearen argudio nagusia. Politikaren magiak etiketa hori gainditu eta euskal auzia Europako Batasunaren agendara eraman du. Jauzi oso garrantzitsua diplomaziaren ikuspegitik. Atzerri politikan egiten ari diren ahalegin garrantzitsuen adierazle bat gehiago da eta, horrek berez ezer konpontzen ez badu ere, une honetan dagoen arazo garrantzitsuenetakoa -PPren jarrera- ahultzen laguntzen du.
Irlandari begira, beti pentsatu izan da atzerri mailako sostengu eza zela hemengo auziak harekiko zuen desabantaila handietako bat. Irlandako kasuan, Amerikako Estatu Batuetan irlandar jartorriko komunitate indartsuaren bultzada funtsezkoa izan zen hango prozesuan. Halakorik ez da hemen, baina Europako Batasuneko ekimen honek nazioarte mailako sostengua modu indartsuan areagotzen du. Hemen urratsak eman ahala gainera, atzerriko sostenguak ere lantzen jarraituko dira, zalantzarik gabe. Udako blokeo eta krisi giroa atzean geratu bide da dagoeneko, baina oraindik ere alderdien mahaiaren fase berriaren azken osagaiak lotu gabe daudela dirudi.
Nafarroako Legebiltzarrean joan den astean Miguel Sanz lehendakariak jaurtitakoak bazterrak astindu ditu, ezohikoa bada ere, oraingoan zentzu baikorrean gainera. 2007ko foru hauteskundeetara begira ari dela ez da zalantzarik, eta hala ere irakurketa baikorra egitea besterik ez dago. Ez Sanzen eta UPNren ohiko ikusmoldean aldaketarik ekarriko duelako, baina bai ondo neurtutako Sanzen berba hauek PPren altzairuzko harresian pitzadurak erakusten dituztelako.
Foru hauteskundeetan Nafarroan izango den lehia gogorraren iragarle ere badira berbok. UPNk arriskuan ikusten du Gobernua, eta hori horrela izatea batere erraza ez bada ere, Otanoren Gobernuaz geroztik lehenbiziz gertagarri da. Bake prozesuari begira hurrengo udal eta foru hauteskundeak nonbait garrantzitsuak izango badira Nafarroan da. Nafarroako giltza funtsezkoa da lurraldetasunaren atea zabaltzeko. Ez dakigu oraindik ate hori nola zabalduko den, baina badakigu nafar eskuinaren gobernu berri batek biziki zailduko lukeela lurraldetasunaren auzia askatzen.
EAJ-ko buruzagiek behin eta berriro adierazten dute barne zatiketak gaindituta daudela, baina Gipuzkoako ahauldun nagusiaren hautagaitzara Joxe Joan Gonzalez de Txabarriren ordez GBBk Jon Jauregi aurkeztu izanak gainditze hori gezurtatzen du. Besteak beste, zauriak zabalik daudela esan berri du elkarrizketa batean egungo ahaldun nagusiak. Gaia neurtzeko termometro egokia izango da zerrenden osaketa.