argia.eus
INPRIMATU
Bertso berriak... Izan beharrari jarriak
2006ko urriaren 29a

I

"BetiZu"-ei so eta
ni beti sutzear:
urrixa atze-estu,
hezur-azal, mehar!
Behi plakoa gaitz ikur
zen mendeetan zehar...
Orain behi izanda ere
argal izan behar!


II

"BetiZu", mundu modu
baten sintesia:
haurra helduz jantzia,
haiei so hezia,
sei urterako izan
behar du sexia,
hamabirako igual
"Miss Anorexia".


III

Umeek behar dute
heldu; ta orobat,
helduek behar dute
plantaz euren lobak,
bihar ta etzi ere
atzo ziren lorak.
Beti gazte beharra:
Bazen behin belo bat...


IV

Beti gazte ta ferde
eder ta linian,
oinak minbera baina
moda ipinian.
Eder-nahia ederra da,
mimo hori Ni-an...
Ez, kabitu beharra
besteren ninian.


V

Kabitzeko, -ta ondo
beteaz moldea-,
azalean behar da
txigor kolorea.
Ilbeltz gorrian ere
distira morea,
errainuak non, han da
uva-izpi lorea


VI

"Behi-Barbi"en tranpara
kontuz, ez erori...!
ta amestu galtzea
kilo bat, kilo bi...
Ezin da beti gazte,
apain, ile-ori...
...baina Guk beti Zu nahi,
Ni ez naizen hori.