Kixkia, zarea, zakua, zumea, gurdia, matxaka, mazoa, pisoia, aska, dolarea, horia, patsola, giltza, urkatxua, apotea, pala, basaerratza, ziriak, tina, onila, barrikotea... Badauka bai zeini diosal eta oles egin sagarrak sagardotarako bidean. Aurten dezenteko, itxurazko sagar urtea dugu. Toki bakan batzuetan izan ezik aurten sagar-urtea da. Sagar urte oparoa, ale asko izateaz gain ale horiek ederki hazi baitira. Udako eta udazken hasierako eguraldi egokiei esker, bero eta nahikoa ur, ederki hazi: handi eta ezti. Aurten fruta guztia etorri da eder, baina iparralde honetakoa sagarra izaki beste guztiak hor dabiltza sagarraren txistu eta ttunttunaren doinura lainezaren porrusalda dantzatzen.
Uzten oparotasuna beti ospatu izan da. Urte osoko jardun eta ahaleginen emaitza behin mandioratuz gero irrintzi, kraskitin, uju, kantu eta dantza behar. Sagarraren jaia dolarean, dolareero egiten ari da han, hor, haruntzaxeago, hemen... Sagardotegietan gero eta sagardo industrialagoa egiten da, jendeak ez bide ditu egundo garai bateko etxeko sagardoen lurrinak ahosabaiaren artxiboetatik ezabatu eta sagarra ugari... Gero eta jende gehiago ari da etxeko sagardogintza lanaren heldulekuari tiraka. Bertakoaren, etxekoaren kalitatea, bejondeigula!
Ttun-ttun, firin-firin, ttakun-ttakun, ttinbilin-ttanbalan, alakiketa, txirikoketa, kirikoketa... Doinu anitz du gure ospakizunak. Lanean bertan erabilitako tresna eta lanabesak dira ospakizunei doinua jartzen dietenak, langilearen eskuak korapilatzen ditu lana eta jaia, XXI. mende honetan benetan iraultzailea. Sagarrarenak bi dira, batez ere: kirikoketa eta txalaparta. Txalaparta sagardoa egiteko dolareko lan guztiak amaitzean jotzen da, ttakun-ttan-ttakun. Kirikoketan sagarra jotzeko, zanpatuz txikitzeko, dantzatutako mazoak edo pisoiak eta jotako sagar hori dolare-askan egindako patsean zanpatzeko erabiliko den patsolak osatzen dute joko den musika tresna. Erritmoa? Lanekoa: «Kirikoketa, kirikoketa, kirikoketa, koketa, koketa, sagarra jo dela, sagarra jo dela, sagarra jo dela, jo dela, jo dela». Urriko azken aurreko larunbat honetan Arizkungo Gamioxarre dolare barrokoan biziko dena: lana, besta, sagardoa, musika, dantza... Gaur egun iraultza.