«Botere publikoek berebiziko erantzukizuna daukate alardeen zereginean. Alarde mistoa bultzatzea eta babestea erakunde publikoen ardura da. Auzitegiek, Legebiltzarrak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek emakumeek gizonaren parean desfilatzeko eskubidea dutela ebatzi dute, aldiz, Irun eta Hondarribiko udalek ez dute legea bete. Erakunde guztiak, gehiengo eta gutxiengo jokoa tarteko ere, herritar guztien ordezkariak dira, guztiena, eta euren nahiak eta eskakizunak bermatu behar dituzte. Zentzu horretan, bi zeregin daude: batetik emakumeen berdintasun eskubidea babestea, eta bestetik Irun eta Hondarribiko herritarren arteko elkarrizketa lantzen laguntzea. Aurreiritzi izugarriak daude, zentzugabekeriak... Ez dago elkarrizketarik. Izugarrikeriak gertatu dira herritarren artean: komertzio batzuen aurkako boikota, adiskidetasuna hautsi da koadriletan eta zatiketak hainbat familiatan. Herri hauetan hitzak duen balioa galdu da erabat. Alarde tradizionaleko kideekin eta bi alkateekin bildu izan naiz, eta mikrofono eta fokoak ez direnean, konponbiderako aukerak ikusi ditut, aukera xumeak, baina bidea elkarrekin egiten hasteko aukerak. Aukera hauek plazaratzeko orduan zapuzten dira ordea. Tamalez, elkarrizketa itxi da plazan eta kalean. Lan izugarria egiteko dago, komunikazio bideak berrezartzen direnean konponbidea erraztu daiteke, eta honek balio du ere herri honek bizi duen gatazkaren konponbiderako».