argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2006ko urriaren 22a
Harkaitz Canoren hitzok jaso zituen ...eta kitto aldizkariak: «Kezkagarria da inoiz baina eskaintza gehiago egonda, jendeari gero eta zailagoa egiten zaiola eskaintza horretan bilatzea. Zure gustuko liburu bat bilatzeko liburudendara matxetearekin joan behar duzu, best-seller torretak apartatzen, zu bila zabiltzan poesia liburu berezi horretara ailegatzeko. Irakurleari ia esfortzu heroiko bat eskatzen zaio».

Unai Iturriagak Nabarrari esanak: «(Bertsolariak) ez gara lagun koadrila bat. Bertsolari batzuk nire lagunak dira eta beste batzuk ez dira. Baina ez gara lehiakideak, harmonia dago. Lopategiri entzun izan diot lehen bestela zela. Elkar gutxiago ezagutzen zutenean eta bikoteka eta librean gehiago funtzionatzen zutenean, mundu hau lehiakorragoa zen».

Maite Garbayo arte historialaria Diario de Noticias de Alavan: «Emakumeak egindako artea gizonak egindakoaren berdina izan daiteke; arte feminista berriz, hizkuntza feministen bidez mintzatzen dena da, arte zirkuituetan emakumearen presentzia aldarrikatu eta ikusgai izateko eta bere artearen subjektu bilakatzeko borrokatzen duena (...) Emakumezko artistentzat zailagoa da artearen munduan lekua aurkitzea gizonezko artista askorentzat baino; askok nolabaiteko errezeloa daukate artista feminista gisa definitzeko, horrek lerrokatu egin ditzakeela uste dutelako».