Londresko ospitale bateko kirurgialariek hamabi urteko neskato baten bihotzak berriro funtzionatzea lortu dute, hamar urtez «geldirik» egon ondoren. Eta bitarte horretan, transplantatutako bihotz bati esker iraun du bizirik neskak. Baina has gaitezen hasiera-hasieratik.
Galesko Hannah Clark neskatoak bihotzeko transplante bat jasan zuen duela hamar urte. Kardiomiopatia larri baten eraginez, Hannahren bihotza bere adineko neska bati zegokiona baino bi aldiz handiagoa zen. Baina ebakuntza hartan medikuek bere bihotza ez aktibo uztea pentsatu zuten, eta emaile baten bihotza transplantatu bazioten ere, bere bihotza gorputzaren barruan uztea.
Bihotz transplantatuak oso ongi funtzionatu du hamar urteotan, baina 2005eko azaroan, ohiko txekeo batean, medikuak ohartu ziren neskaren gorputza transplantatutako bihotza ez onartzen hasi zela. Eta egoeraren larritasuna ikusita, orain artean sekula egin gabeko operazio bat egitea bururatu zitzaien medikuei: lehendik ez aktibo zegoela bertan utzitako bihotza berriro martxan jartzea. Bihotzak berriro funtzionatzeko aukerak urri samarrak ziren arren, horretan saiatu ziren, hamar urte lehenago transplante originala burutu zuen -eta dagoeneko erretiratuta zegoen- Magdi Yacoub doktore ospetsuaren aholkularitza eta laguntzarekin.
Ebakuntza arrakasta osoz egin zen Londresko Great Ormond Street ospitalean, 2006ko otsailaren 20an, eta medikuek gutxienez zortzi ordu iraungo zutela aurreikusi arren, lau besterik ez ziren behar izan. Geroztik pasatu diren hilabeteotan ez da inolako konplikaziorik azaldu. «Orain neska zoriontsua da, bere bihotz propioarekin, eta erabat normal funtzionatzen du. Istorioak amaiera zoriontsua izan du», dio Hannahren amak.
Aurreneko asteetan zainketa intentsiboak behar izan zituen, baina neska oso ondo osatu da, eta geroztik ez du ez onartzearen kontrako botikarik behar, barruan daukana bere bihotza baita. Adituak oso pozik daude, ebakuntza horrek bide liluragarri bezain garrantzitsua ireki baitu.