argia.eus
INPRIMATU
Ateologia
Iñaki Mendiguren 2006ko urriaren 22a
Duela hiru hilabete hasi nituen teologiako ikasketak fakultate protestante ireki batean. Duela bi Satanek -anaia zaharrenaren eskutik- liburu bat eskaini zidan: Tratado de ateología, Michel Onfray, Bartzelona 2006 (Iparraldekoentzat Traité d'athéologie, Paris 2005), eta proiektu hedonista etikoa aldarrikatzen omen zuenez, erraz erori nintzen tentazioan. Beraz, liburua irentsi nuen Landetako pinudi lasai eta hondartza naturista eder horietako batean, non oso erraz bihurtzen baitzara kaio. Eta?

Liburua monoteismoen -judaismo, kristautasun eta Islamaren- kritika sutsu eta errukigabea da, aldi berean ateismo aktibo eta militantea aldarrikatuz, nahiz eta bere indar gehienak kritikan xahutu eta ez ateismoaren proiektu positiboa marrazten. Dena den, liburu hau irakurtzea osasungarria da, eta puntu askotan arrazoi eman behar zaio. Hona hemen irakaspen batzuk:

1. Ateismoa eta ateoak begirunez eta serio hartu behar dira, beren zintzotasun intelektuala eta morala aitortuz, eta hori denon artean adostu beharrean gaudelako elkarbizitzaren oinarriak. Ergelkeria gehiegitxo esaten da ateoei buruz, dena deskalifikatzeko. Historian zehar ateismoaren aldeko jarrera landu dutenei buruzko bibliografia da liburuaren ekarpen interesgarrietako bat.

2. Neurrigabeko apaltasuna behar dugu judu, kristau eta musulmanek, itzal eta orrialde beltz asko ditugulako bakoitzak bere historian. Egindako bekatu larriak aitortzen oso uzkur eta berandu ibiltzen dira erlijio-erakundeak.

3. Bekatu larri horien artean daude hiru erlijio horien jarrerak munduarekiko, gorputzarekiko, emakumearekiko, arrazoi eta zientziarekiko, beste sinesle eta sinesgabeekiko... baita erakutsi izan duten «hiltzeko irrika» ere.

4. Benetako Jainko bakarrean sinesteak eta Egia Absolutuaren jabe sentitzeak hiru erlijio monoteista handiak arriskutsu bihur ditzake. Beraz, komeni da erlijioei mugak jartzea -bide batez esanda, Estatuari edo beste edozein botere eta ideologiari bezalaxe-.

5. Gizartearen antolaketa eta harremanetan laikotasun erradikala ezarri beharko genuke. Eta urrutira gabe, euskal gizartean ere badugu honetan zer eginik: erlijioa nahasiegi daukagu kultura, festa, politika... baita kirolarekin ere! Normala ote da gaur egun kirol-talde batek kopa edo lehiaketa irabazi eta biharamunean ez dakit zein santu edo birjinari eskaintzera joatea? Zer dela-eta joaten dira urtero gure agintariak, instituzio gisa, gizarte osoaren ordezkari, Loiolara, Arantzazura, Begoñara..?

6. Aurrekoaren ildotik, aurrerapauso handia litzateke, bakoitzaren erlijio-aukera gorabehera -eta erabat zilegi da «ez-erlijioaren» aukera-, etika laiko bat adostea, ahalik eta unibertsalena, horren gainean eraikitzeko gizarte-bizitza. Ez da lan makala, baina bai beharrezkoa: zuzenbidea, politika, zientzia, kultura, gizarte-bizitza... ezin dira egon erlijio jakin baten mende.

Esanak esan, oro har, M. Onfrayrena kritika zabar samarra iruditu zait, zehaztasun, ñabardura eta finezia gutxikoa. Ez da neurriaren bila ibili, baizik eta gehiegi baliatu da gehiegikeriaz, karikaturaz, parodiaz; trufa eta iseka gehiegitxo egiten du ironia ankerraz. Nire ustez, hedonista batek umore gehixeago behar luke, eta gizakiaren izaera ere hobeto ulertu. Lehengo, oraingo eta geroko gure ezbehar guztien errua hiru erlijio monoteistei bizkarreratzea, ez ote da errazkeria eta itsukeria handi samarra? Frantziako Iraultzaz geroztik Arrazoiak «argituriko» Mendebaldean ere sarraski, auschwitz eta gulag askotxo izan da, eta dena hiru erlijioen kulpa? Tira, tira! Gustu baduzue, irakurri liburua. Nik teologia lantzen jarraitu behar dut... baina hedonismo etikoari uko egin gabe: goza bizitzaz!