Durango 2040


2006ko urriaren 15an
Agentziak: Atzo, azokaren lehen eguna, ikusmin handia nabari zen Durangoko Azokako bideo-konferentzia areto berrituan, non antolatzaileek iragarri bezala, Mortimer Handiaren prentsaurre birtuala baitzen egitekoa. Kazetariek, liburuaren industriako eragileek eta oinezko soilek mukuru betetzen zuten aretoa, hainbesteraino ze aldi bereko itzulpenaren sistema automatikoaren prestazioak gainditu ziren, nahiz eta Gerediaga Elkarteak, azken unean, 100 megabitseko potentzia gaineratu zion sistemari inpedantzia exotermikozko mikrogailu baten bidez. Jakin-minaren arrazoiak asko ziren: azken asteetan Mortimerrek Coca-Colarekin eduki dituen tira-birak nola konpontzen ziren ikustea, esaterako. Jakina denez, Coca-Colak salatu du Mortimer, honek multinazionala eta idazlea lotzen dituen kontratua bete ez duelakoan. Agidanez, Mortimerrek uko egin zion esponsorizatzen duen edariaren logoa jartzeari bere azken nazioarteko bideo-konferentzia multitudinarioetan. Hori dela-eta, joan den astean bolo-bolo zabaldu zen Coca-Colak Mortimerren agerraldi publikoa eragozteko asmoa zeukala. Onartuko zuen halako debekurik bere askatasun-gosearengatik eta errebeldiagatik mundu guztian ezagun egin den idazleak?

Bestetik, ez dira gutxi orain arte baieztatu dutenak Mortimer ez dela benetan idazle bat, soldatapeko idazle-talde baten lana -beltzak, argotean- gizartera proiektatzen duen marka moduko bat baizik. Tesi hau defenditzen dutenen arabera, Mortimer marka agerraldietan haragiztatzen duen pertsona aktore profesional ezezagun bat da, proiektu osoari aurpegi bat ipintzeagatik astronomikoki ordaindua. Hau esaten dutenek horrela azaltzen dituzte Mortimerrek, literaturaz ari dela, agertzen dituen duda-mudak eta zalantzak, kontraesanak, eta are lotsagorritzeko moduko huts potoloak ere (urrutira gabe, azken agerraldi publikoan Kixotea Shakespearek idatzi zuela baieztatu zuen). Idazle Handiaren zaleek, ordea, Mortimerren beste jenialitate bat dela uste dute, matxinadaren usaina daukan zartakoa, literatur-sistemari eman nahi izan dion beste muturreko ongi kalkulatutako bat. Gainera, salatari hauei ezjakintasuna leporatzen diete, ez omen direlako gauza Mortimerren probokazioari darion ironiaz jabetzeko, zeina baita, zentzu derridoborgiano batean, okerreko egiletzaren teknikaren maisu-lan gorena.

Iragarrita zegoen bezala, hamaikak zirenean hasi zen ospakizuna. Ordu horretan agertu zen ekran guztietan, bere azken lana prestatzeko itxi den espazio-estaziotik zuzenean, Mortimerren irudia, diosalak egiten eskafandraren atzetik eta -jasotzen omen duen minuta astronomikoaren araberako- astronauta-jantzi koket batez jantzirik. Texaco, Pemex eta gainerako esponsorren izenarekin batera, argi azaltzen zela Coca-Colaren logoa lehentasunezko toki batean. Bere azken lana aurkeztu zuen (Zatiki, euskarazko itzulpenean) zeina baita ausaz aukeratutako hainbat autoreren testu-zati batzuen fusio pertsonala. Autore horien artean Urlia, Sandia eta Berendia euskal idazleak daude. Haiek ere ez zuten huts egin nahi izan, eta jendetzaren artean zeuden, Coca-Colaren txano banarekin. Mortimerrek hitz goxoak eduki zituen haientzat, eta hauek, esker onez, dedikatoriak egin zituzten halakorik eskatu zuten guztien disko gogorretan. Bukatzeko, Mortimerrek ukatu zuen talde baten aurpegia denik, eta futitu zen Kixoteaz, Shakespearez, Derridaz eta Borgesez.

Biharko egitaraua: mahai ingurua aldizkari literarioei buruz, trikitrixa eta bertso-saioa.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude