Ekainaren 29an Jose Luis Rodriguez Zapaterok «euskal herritarren eskubideak begirunez» hartuko zituela esan zuenean zer esan nahi zuen benetan? Zer esan nahi zuen «vascos» hitzak? Bistan da modu desberdinean uler litekeela, anbiguetatea deitzen zaio horri. Arazo handien aurrean iritzi desberdinekoen artean aurrera egiteko teknika
gisa erabiltzen da. Bi ahoko labana da, ordea, eta Zapateroren adierazpenera itzulita, iritzi publikoak nahi zuena interpreta zezakeen, baina adierazpena probokatu zuten eragileek -PSOEk eta Batasunak- argi izan behar zuten biek esanahi berberen gainean ari zirela. Bestela jai.
Eta Batasuneko iturrien arabera, Zapateroren adierazpenaren aurretik argi adostua zegoen «vascos» horrek Hego Euskal Herriko herritarrei egiten ziela erreferentzia. Hau da, ezker abertzalean PSOEk iruzur egin duela barneratua dago, azken bospasei urteetan Batasuna eta PSEren artean izan diren elkarrizketen ondoren, gatazka gainditzeko korapiloa Hego Euskal Herriaren -edo EAE eta Nafarroako Foru Komunitatea- erabaki eskubidean dagoela sarri hitz eginda zegoelako, eta hain zuzen ere bake prozesuaren ardatza hori zela adostua zegoelako. Ez zegoen adostua korapilo hori nola askatu -hortaz asko hitz egin bada ere-, hori normalizazio politikoa bideratzeko eratu beharreko mahaian askatuko zen, baina bai hori zela muina.
Hortik dator, beraz, ENAMetik adierazten den blokeoaren ardatza, eta blokeoa bera, arlo desberdinetan ikus badaiteke ere, Espainiako Gobernuak batez ere alderdien mahaiaren eraketara eraman du. Martxoaren 22tik ikusi zen ez zela erraza izango ETA-Gobernua mahai 'teknikoa' eta alderdien mahaia era bat paralelo joatea, baina denboran nahiko batera joan behar zutela ulertu zen. Negoziazio teknikoaren -bakea presoen truke- beldur, ezker abertzaleak mahai biak denboran banatzeko ahalegina ikusi du eta egoeraren larriaz ohartarazi du gizartea.
Eragile politiko nagusiak -EAJ, Batasuna eta PSOE- krisi egoeraz jabetu eta negoziazio lasterketa zorrotzean ari dira, prozesua berbideratu nahian. Zantzu positiboak badira, baina denak adierazten du urria giltzarri izango dela alderdien mahaiaren eraketarako eta honen zereginen aurre akordio bat zehazteko edo ez. Mahaia EAEkoa baino izan ez dadin saihestu nahi du Batasunak eta ikusi beharko da zein formula erabiltzen den hori gainditzeko; mahaiaren definizioan alderdien izaera beste edozein izaeraren gainetik azpimarratzearena izan daiteke formuletako bat.
Urria oso garrantzitsua da, besteak beste, hilaren 25ean Europako Legebiltzarrean Euskal Herriaz hitz egingo delako eta 27an Iñaki de Juana epaituko dutelako, epaiketara joateko moduan badago, jakina.