Noizean behin, gazteen balioei buruzko inkesten emaitzak jakinarazten dira hedabideetan. Badirudi, horrela, gazteek gero eta gehiago onartzen dutela abortua, eta ez direla uste bezain arrazistak. Datu nahaste horretan, erlijioari buruzko datuak ere ageri ohi dira. Erlijioarekin inolako harremanik ez izatea adierazten duten gazteen kopuruaren portzentajea izugarri hazten da inkestatik inkestara.
Irakurri ahal izan dudan azkenean, esate baterako, erlijioari buruz gazteen artean dagoen ikuspegia iruditu zait deigarria, kazetariak berak nabarmentzen zuenez, hamarkada batean ia ehuneko hogeita bostean gutxitu baita gazteen erlijiozko atxikimendua. Hobeto esanda, hamarretik lauk baino ez diote aitortzen Eliza katolikoari nolabaiteko begirunea edo autoritatea. Ez da gauza berria, ados; albisteak dakarren berritasun bakarra horren denbora laburrean gertatu izana izan liteke. Baina, hori bai, zer pentsatu ematen du datu horrek. Edonoren burura datorren galdera da, hain zuzen ere, zerk ordezkatu ote duen begirune edo autoritate hori.
Ez dugu ezelako aurkikuntzarik egiten gizarte modernoan dagoen erlijio berria indibidualismoa dela esatean, norbanakoak betetzen baitu lehen Jainkoari zegokion lekua. Aspaldiko kontua da, izan ere. Horren isla da norbanakoa erabaki moralen erantzuletzat jotzeko gero eta gehiago indartzen den joera. Mende batzuetako antzinatasuna eransten diote adituek ikusmolde horri, baina hain urrunera joan barik, begiratu besterik ez dago hamarkada batzuetatik hona mugimendu feministak adierazitakoari, alegia, emakumea bakarrik dela bere gorputzaren jabe, eta beraz, berari baino ez dagokiola erabaki moralen erantzukizuna, adibidez, abortuaren inguruan. Io sono mia lemapean milaka emakume mobilizatu dira han-hemenka. Zinez herritartu da hurkoari minik egin ezean, norberaren askatasunak gainerakoenen askatasunean duela muga bakarra. Eta ez besterik. Izan ere, aipatutako inkestei erreparatuta, gazteen artean toleratzen ez den pekatu bakarra, intolerantzia da. Baina horrek ez du esan gura balio moralez hustu dela gazteriaren ikusmoldea. Adituen arabera, berriro ere, justizia eta askatasuna kontzeptuek edo idealek lehen bezalaxe jarraitzen dute; balio goren gisa, alegia.
Baina delako indibidualismo horrek hartu du, hartu ere, beste eduki bat, apurka-apurka herritartzen ari dena, eta gure ikusmoldeari ia-ia konturatu gabe erabat erantsi dena. Adituek izen zail samarra ipintzen diote hari: indibidualismo adierazlea, norberak sentitzen duena adieraztean baitago gakoa. Barkatuko naute filosofoek aipatu behar dudan fribolitate hau, baina indibidualismo berri horren islarik onena domekako bazkalosteko estatubatuar filmak izaten dira. Zenbat bider ez ote dira aipatzen bertan halako esaldiak: «Izan zaitez zu zeu; aurkitu barru-barruan duzuna; utz iezaiozu hitz egiten zure barruko ahotsari...» eta tankera horretako harribitxiak. Deskubritu egin behar da norberari dagokion bizimodua, ezin da kanpotik etorritako edo ezarritako eredurik onartu. Labur esanda: autentikoak izan behar dugu. Nork daki, baina, zer den autentikoa izatea?
Etsigarria da erantzun zehatzik ezin ematea, batez ere kontuan hartzen badugu autentiko izan gaitezela eskatzen zaigula bazter guztietatik, etengabe. Patetikoa ere bada, gazteen balioetara itzuliz, autentizitatea ziurtatzen omen duena, adibidez, modako produktu jakin baten kontsumoa izan daitekeelako. Etsigarria eta patetikoa, zinez.