argia.eus
INPRIMATU
Bahea
2021eko uztailaren 19a

Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionalaren arduradunak Berrian esanak: «(...) Sindikatu eta enpresariekin sinatutako akordioek aipaturiko hutsak egiten dituzte, berriro ere. Lan mundua euskalduntzeko programa desberdinak dituen plan estrategikoa aurkeztu beharrean, Lanhitz izeneko programa soila aurkeztu digute, deskontestualizatua ageri zaigu, helburu eta epe estrategikorik gabea gainera. (...) Lan munduaren euskalduntzeko erronkaren tamainak eragile guztien parte hartzea eskatzen duelako, uste osokoak gara eta benetan tristeziaz ikusi dugu berriro ere eragile garrantzitsu bat kanpoan gelditu dela. Euskalgintzaz ari naiz. Kontseiluak sustatutako Bai Euskarari Ziurtagiriak normalizazio prozesuak bermatzen ditu 1.300 gizarte eragileren kasuan, enpresa askok eta askok dute Bai Euskarari Ziurtagiria eta, hala ere, ez da harremanik egon esperientzia horretaz baliatzeko, gutxienez».

Fernando Tapiak Europako Hizkuntzen Egunean gipuzkoaeuskara.net-en esanak: «Europar estatuak oso prest agertzen dira beren baitako hizkuntza ‘txikiei’ horrelako diskurtsoak egiteko. Baina, ai!, frantsesa edo ingelesa edo italiera edo alemana edo espainieraren artean bakarra hautatu behar dela aipatu ere egiten denean: orduan ez du handikien diskurtsoak balio! Eta izan al daiteke egiaz besterentzako, norberarentzat nahi ez den diskurtsorik?».

Patxi Azpillagak Berrian esanak: «Hamaika Telebista Hedatzeko Taldearen aurkezpenak sentsazio ezberdinak sortarazi dizkit. Poza lehenengo, hain penagarria baita euskararen egoera tokiko telebistetan ezen euskaratik abiatuta jarduteko asmoa erakusten duen edozein eragileren agerpena albiste ona baita. Harridura gero, bitxia, oso bitxia egin baitzait hor gauzatu den enpresa arteko aliantza eta batzuen jokabide aldaketa. Eta azkenik, kezka bat ere bai enpresa ikuspegiaren nagusitzeak komunikazio lokalaren etorkizuneko garapenean izan dezakeen eraginaren inguruan».