argia.eus
INPRIMATU
Ahotsak
Luis Alberto, 'Amatiño' Aranberri 2021eko uztailaren 20a

Latzak izan ziren José Antonio Pastor sozialistak Ahotsak mugimenduari buruz Radio Euskadin esandakoak. Legebiltzarrean Ibarretxe lehendakariak egindako aipamenaz galdetu eta Alderdi Sozialistaren bozeramaileak aurpegirik txakurrena eskaini zuen, zeharo haserre balego bezala. Bistan da gero emakumeen ahotsak ez zaizkiela sozialistei batere gustatzen.

Aitortu behar dut nire zalantzatxoak ditudala, arol samarra deritzat-eta haren inguruan burututako agerpen mediatikoari. Zentzuzkotzat ditut abiapuntuak, baina ez zait serioa iruditzen darion anakronismoa. Ahotsak taldea gauza da bere proposamena Bartzelonan, Madrilen, Bruselan edo Donostiako Zinemaldian aurkezteko, baina ez, ostera, euskal erakundeetan. Hitz egiten dute emakumeen mugimendu minoritario aldarrikatzailea bailitzan, eta inor ez da nonbait jabetzen emakume guztiek nahi izango balute Eusko Legebiltzarrean onartuko litzatekeela... emakumeak nagusi direlako bertan.

Nik sumatzen dudanez, gure merkatu politikoan alderdi bat dago, non gizon eta emakume guztiak kontra diren. Lau alderdi, zeinetan denak alde diren. Eta beste bi, berriz, non takean potean argazkitan agertzen diren pare bat emakume edo izan ezik, gainerako gehienak kontra bide dauden.

«Transbersalitatea» aipatu ohi dute hitzetik hortzera, baina emakumeek ez dute sekula uste izan gizonez soilik osatutako ekintzak transbertsalak direnik. Are gehiago, horrelakorik egingo balitz, adar jotzea irudituko litzaieke.