argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik: Argi izpiren batzuk ikusten dira
Xabier Letona Biteri @xletona 2006ko urriaren 01

ETA-ren aritxulegiko agerpen armatua historikoa da eszenografiari dagokionez. Interpretazioen zaparradan -prozesuaren blokeoa eta Gudari Egunaren testuinguruan- bi nabarmentzen dira: bata, blokeo unean egindako indar agerpena eta mehatxuarena da; bestea, ezker abertzaleari egindako tinkotasun eta segurtasun keinua. ETAren logikan jarrita, biak dira logikoak.

Interpretazio gehiago ere egin litezke, batez ere «independentzia eta sozialismoa lortu arte» armekin borrokan jarraitzeaz egiten duen aipamenari buruz. Eta hau, erakunde armatuaren logikan jarrita ere, ez da logikoa. Gauden prozesuan egonik eta ETAren azken 30 urteetako helburu taktiko nagusia -negoziazio bidez autodeterminazioa lortzea- kontuan hartuta, erretorika litzatekeela pentsa liteke. Baina komunikatuaren mezu nagusitzat luzatzen den esaldia oso argia da, ez du erabiltzen «borrokan» hitza bakarrik, esaten duena da «armak eskutan borrokan tinko jarraitzeko konpromisoa berresten» duela. Azterketa soilaren ikuspegitik egindako analisiak dio esaldiaren kontraesana agerikoa dela, bai bizi den bake prozesuarekiko, bai Anoetako adierazpenarekiko eta, funtsean, baita ere lehentxeago aipatu den ETAren helburu taktikoarekiko.

Edozein kasutan, argi dago oporren bueltan ezker abertzaletik bakarrik aipatzen zen prozesuaren krisia jadanik krisia dela denen begietara, eta latza gainera. Krisia gainditzeko lanean ari dira hiru aktore nagusiak: PSOE, Batasuna eta EAJ, orain arte binakako bilerekin, baina laster hasiko ei dira hirunakakoekin -Vocentokoek diote hasi direla-. Alderdi politikoen Mahaiaren eraketak gaindituko ei luke krisia eta badirudi hori posible izango dela urte bukaerarako.

Hala balitz, aipatu hiru indar politikoek oinarrizko gaiak lotuta eramango lituzkete mahaira eta horrela, dena prest legoke udal eta foru hauteskundeetako lasterketaren parentesiari bete-betean ekiteko, Batasunaren ordezkoaren legeztatze prozesu eta guzti.

Baina hori guztia, oraindik gainditu ez den krisiaren erdiguneko ametsa da. Errealitatea, besteak beste, kale erasoen ugaritze arriskutsua eta Iñaki de Juanaren gose grebaren pasarteek baldintzatzen dute, negoziazioaren soka azken sei hilabeteetan ez bezala tenkatuz. Espainiako Gobernuaren inguruko iturrien esanetan, prozesuak ez du atzerabiderik, eta ENAMetik, Zapateroren Gobernuak norabidea zuzendu ezik, apurtzear dagoela iragartzen da. Egoera horretan, De Juanaren gose grebak eta honek ekar ditzakeen ondorioek inork espero ez dituen aurrikusi gabekoak, jar ditzake prozesuaren gurpilean. Ekosistema hauskorretan, kanpo mehatxuak dira arriskutsuenak, ezustekoak, eta egungo abagunean horretarako haziak barreiatzen ari dira.