argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko uztailaren 27a


Udazken beroa lan munduko euskaran

Uda ondorena bizi-bizi datorrela dirudi arlo sozioekonomikoan. Lan munduan euskara oso pattal zebilela jakina zen, irakaskuntzatik zetozen ikasle euskaldunentzat galga handia zen. Oporrak bukatu eta segituan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hainbat sindikaturekin batetik, eta hainbat patronalekin bestetik, euskara lantegietan sustatzeko akordioa sinatu du. Elhuyar Aholkularitzak euskara planak enpresetan ezartzen ari dela 15 urte bete ditu irailean eta hil horren 27an jardunaldiak egin zituen. Azpeitiko Euskara Patronatuak (Emun, Lana Euskalduntzeko Kooperatibaren laguntzarekin) Elegune aurkeztu berri du, alegia, Azpeitiko enpresen hizkuntza gestiorako gune teknikoa.

Kontseiluak azpimarratu du euskalduntzea enpresen esku utzita, hau da, beraien borondatearen gain utzita, ez dela nahikoa, arauak definitu behar direla.

HPSk estrategikotzat du lan mundua euskalduntzea eta diru-laguntzak bideratuak ditu horretara. Enpresek laguntza horiek erabiltzeko premiarik izango ote dute?


Euskararen Jatorriaren II. Biltzarra

Lau Elkartek, Euzko Izaera, Bizi-Hitza, Mikoleta eta ENAk antolatu dute, iaz bezala, Euskararen Jatorriaren II. Biltzarra. Urriaren 7an, Donostiako Aranzadin egingo da.


Kanpaina Nafarroan

Nafarroako 27 udal eta mankomunitatek euskara ikasteko kanpaina hasi dute, AEK, IKA eta Zubiarte euskaltegien laguntzarekin, eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin.


«Catalá, galego, euskara, políticas linguísticas para el siglo XXI»

Euskara Kultur Elkargoak argitaratu du izenburu hori duen liburua. Iruñean, joan den abenduan egindako jardunaldietan esandakoak bildu dituzte argitalpenean: hiru hizkuntzen analisiak eta haien arteko diferentziak.