argia.eus
INPRIMATU
Bertso berriak... Hurrengo geltokiari jarriak
2006ko urriaren 01

I

Europaldean izarra
hari beha herri zaharra...
Orain eskuadra eta kartaboiz
ebakitzen du bizarra.


II

Urrutiko intxaur hotsa
herri gaztaina morkotsa...
Kanpoz moderno-nahiez jantzia
ta bere buruaz lotsa.


III

Muino-ordeken neurria
haizeak malgu gerria...
Mendiei zulo, zuhaitzei zerra
Aurrera doan herria.


IV

Artaldeño bat bailitzan
zelaian hiru fenwitx han...
Lehen Y grekoak kale-borrokan
orain Eusko Jaurlaritzan.


V

Eder eztanda hurrean
baserri zaharra lurrean...
Expropiazio txostenak, koktel
legezkoen muturrean.


VI

Egunak agur gabari
maldan gora bi garabi
kutxararaino lepoa luze,
lurra putreon haragi.


VII

Sagarrak gorri doi-doiak
porlan zakuak marroiak...
Rotazioa Lurraren kontran
hormigoian kamioiak.


VIII

Ebro hegoranzko soaz
errekastoak jasoaz...
Bat egindako burdin-Ybaiak
zein itsasotara doaz?


XI

Huntza gorantza murruan
pankartak zintzilik gruan...
Batzuk «Primeran», batzuk arrastan...
gehientsuak tren barruan.


X

Biga eder arbol zaharrak
umatu ziren dolarrak...
Etxebizitzen garajeetan
AHT partikularrak.


XI

Sustraiak hutsari heltzen
geroa galipot beltzen...
Giza jendea ari da hemen
bere oinei lurra kentzen.


XII

...Eta asfalto-hazi haien
kimuak zangotan aihen...
Homo Sapiens Sapiens-egiei
oinez ahaztu zitzaien.