argia.eus
INPRIMATU
Aholku ematen
2021eko uztailaren 20a
Maiz ikusten naute bulego ondoan bazkaltzen edo bazkalondoan kafea hartzen, bakarrik banago behintzat, liburu baten konpainia noblean. Esango nuke kafea hartzen dudan tabernan, kartetan ari diren koadrilakoek juzkuak ere egin dituztela nitaz, beti liburu bat eskuan, beti irakurtzen ari den tipo xelebre honetaz. Komentario bat edo beste egin dutela sumatu dut, garbi entzutera iritsi ez banaiz ere. Errespetuz tratatzen naute, hori bai, apaizak garai batean tratatzen ziren bezala edo. Lotsarazten nauen miresmen puntu bat ere bai, esango nuke. Ez dakite nik begiak liburuan baina belarriak erne ditudala beraiek zer esaten duten lapurtzeko.

Lehengo batean, haietako bat etorri zitzaidan bakarka, beste hirurek alde egin zutela ongi begiratuta badaezpada, eta xuabe ekin zidan erdaraz: «Irakurtzen duk hik, e!». Argiketaria zen lanbidez. Gustatuko litzaiokeela berari nik adina irakurtzea esan zidan berehala. Zer edo zer irakurtzen zuela hala ere. Bizkor konturatu nintzen zer edo zer baino gehiago zela argiketariak irakurtzen zuena. Historiarekin zerikusia zuten gaiak gustatzen omen zitzaizkion. Beldur nintzen, eta ez nuen hutsik egin, irakurri zuen azken liburua aipatu zidan: Davinciren zorioneko Kodigoa.

Ez nuen ezer liburu horren kontra -alde ere ez-, irakurri ere ez baitut egin, eta ez nau literatur purismo tonto batek mugitzen; baina aipatu izanaren poderioz, ari zait halako sumindura bat sortzen, minsor bat bezala urdailean, «beti hor, beti hor» esaten didana. Eta orain badut bai liburu horren kontra aurreiritzirik.

Gero eta gehiago dira irakurleak liburu-denda batean berrikuntzen artean zorabiatzen direnak, eta ezer irakurtzen ez dutenak, medioetan agertzen ez bada -eta ikustekoa da zein mediori kasu egiten dioten-. Pena hartzen dut, nire argiketariak sartzen dituen irakurketa ordu kopurua, loari lapurtutakoa seguruena, gauza askoz probetxugarriagoak irakurtzen sar zezakeelako. Azken boladan Zweig ari bainaiz aholkatzen, eta historia gustuko zuenez, Gizadiaren distira uneak aholkatu nion.

* * *

Aurreko astebukaeran, neska lagun batek aipatu zidan berriz liburu-dendan sentitzen zuen zorabioarena. Ditxosozko Kodigoa hark ere azken irakurketa. Ez zitzaiola gustatu aipatu zidan. Niri, irribarrea loratu zitzaidan orduan; «azkenean zuzen bat, jauna», neure artean. Baina arrazoia ez zen nik uste nuena: kalaka historiko horiek noski ez zituela gustuko, beti izan dela erromantikoa, eta maitasun harreman melodramatikoak gustatzen zitzaizkiola. Nobela arroxak irakurtzen omen zituen, izenik ere gogoratzen ez dudan idazle batenak. «Hau ez da ba argiketaria -neure kolkorako-, lizentziaduna baizik». Zweigen aholkuari jarraituz bi aukera jarri nizkion: Bihotzaren egonezina, erdaraz, edo Emakume ezezagun baten gutuna, euskaraz.

Geroztik hor nabil suspentsezaleari Xake-nobela edo Amok aholkatzen, elezaharzaleari Anaia betierekoaren begiak, biografiazaleari Fouché edo Atzoko mundua, emakumeei Metamorfosiaren hordialdia eta 24 ordu emakume baten bizitzan.

* * *

Aholku horiek emanez konturatu naiz garaiak aldatu direla, eta ez gutxi. Stefan Zweig austriarra best-seller bat izan zen bere herrian, 30eko urteetako juduen kontrako legeak indarrean ezarri ziren arte. Espainian, best-seller izan zen 50eko eta 60ko urteetan. Filmak egin dira haren eleberrietan oinarrituta -film onak-. Eta XXI. mendean, Espainian, Acantilado bezalako argitaletxe txiki batean -ongi zainduta, hori bai- argitaratzen da. Zer aldatu da gaur egungo best-sellerrik handiena Dan Brown izateko?