argia.eus
INPRIMATU
Sekula ez
Sustrai Colina 2021eko uztailaren 19a

Langile bat aldamiotik jausten denean hil egiten da. Egunkarian inizialak jartzen dizkiote, eta etorkina ez bada, ordu laurdeneko elizkizun sindikala antolatzen da biharamunerako.

Txirrindulari batek positibo ematen duenean desagertu egiten da. Egunkarian izen-abizenak jartzen dizkiote, eta Euskaltelekoa ez bada, Eufemianoren izenean gurutziltzatzen dugu.

Arraunlari batek kontrol bat pasatzeari uko egiten dionean Kontxa lehiatu dezake. Ez da hiltzen, ez da desagertzen. Txistu eta irainek kondenatzen dute Donostiako kai konstituzionalean, baina alkateak, epailearen etxean bazkaltzen du.

Athletic-eko jokalari batek positibo ematen duenean manifestazioak antolatzen dira, babesa erakusten zaio, errugabetasuna suposatzen da. «Madril beti gure aurka» diote sozio popularrek, «independentzia!» jeltzaleek, eta anartean, denak gara Carlos.

Osasun publikoa gaixo dago. Publikoaren osasuna koman. Sei hilabeteko su-etenari bakea esango diogu laster, langileen heriotzek «ezbeharrak» izaten jarraituko dute, baina kirol mundua ez da sekula lan mundua izango.