Garoñako zentral nuklearra itxiko da 2008an, Euskal Herritik gertuen dagoen mota horretako zentrala. Aspaldiko aldarrikapena da eta, azkenean, Espainiako Gobernuak gauzatuko duena, iragarri duenaren arabera behintzat. Estatu Batuetan, Europan eta munduko beste potentzia batzuetan -India eta Txina buru- energia nuklearraren perpiztea bizi den moduan, Europako beste herrialde batzuek kontrako norabidean dira eta Espainia azken tren honetan da oraingoz. 70eko hamarkadan energia nuklearraren aurkako borroka latza bizi izan zen Euskal Herrian, eta orduko hezi nagusiak gainditu gabe jarraitzen du atomoan oinarritutako energia mota honek, arriskua eta kutsadura. PSOEren Gobernuak iragarritakoa egia bada, bi urte pasatxo ondoren, arrisku larri bat gutxiago izango da etxe atarian.
Ez da oso sinesgarria Benedicto XVI.a Aita santuak musulmanen aurrean egin duen atzera egitea. Ez da samur ulertzekoa, halako pertsonak horren baldar jokatzea. Pentsa liteke lumak alde egin diola, baina sinesgarriagoa da pentsatzea idatzi zuena hala sentitzen duela, baina ez zuela halako erreakzio tinkorik espero. Geopolitikaren testuinguruan, musulman munduak iraindua sentitzen du bere burua -arrazoi handiz gainera- eta erreakzio gehienak logika horretan kokatu behar dira. Baina ezin ukatu, hala ere, herrialde musulman askotan izandako erreakzio eta erantzun asko beldurgarriak direla laikotasuna edo ikuspegi desberdinen arteko begirunea aldarrikatzen duen edonorentzat. Komunikazioaren aroan, gizarte eta kulturen arteko inkomunikazioa da elkar ulertzeko arazorik handienetakoa.
Mahaien eraketaren atzerapenean ei da bake prozesuaren arazo nagusienetakoa, eta bideratzen ari da. Hori da azken egunotan han-hemenka entzun eta irakur daitezkeen arabera prozesuaren uneaz esan daitekeena. Dena den, PSOEren eta EAJren inguruetako iruzkin eta sentipenak dira. Batasunaren aldetik oraindik ez da halakorik iradoki.
Luis R. aizpeolea da El Pais-eko Moncloako ahotsa eta joan den igandean, ohi legez, prozesuaren egoeraren berri emateaz gain, Iñaki de Juana presoaren gose grebaren berri ere ematen zuen eta modu berezian gainera. Gose grebaren zioaren azalpena ematerakoan, 2005eko otsailetik libre beharko lukeela zioen, baina Gara-n idatzitako bi artikulurengatik Auzitegi Nazionalak berriz prozesatu duela eta horregatik jarraitzen duela espetxean. Ez zuena esaten da garrantzitsuenetakoa: hau da, bi artikulo horiengatik -idazteagatik- 97 urteko espetxe zigorra eskatzen zaiola. Datu funtsezkoena ezkutatu zuen. Kazetaritza munduan ohiko jokaera, baina kasu zehatzak aipatzea ere ez da gaizki.