Gure zoriona


2006ko irailaren 24an
Etorri da Silvio Rodriguez Euskal Herrira, udako jairen baten aitzakian edo, eta hitz gutxi batzuk utzi ditu, hitz kezkagarriak: «Iraultzak, egiazkoa bada, iraun egingo du Fidel eta gero ere», esan du, gutxi gorabehera. Ez du esan, konparaziorako, «Iraultzak, egiazkoa denez, iraun egingo du Fidel eta gero ere». Egon da Silvio Rodriguez Espainian ere, eta ez omen du ezer esan nahi izan, edo apenas, baina esperantzarako hitzak utzi ditu, Fidelez, Kubaz eta iraultzaz galdetu diotenean: «Iraultzak, egiazkoa bada, iraun egingo du Fidel eta gero ere». Alegia, ez du erantzun, eta erantzuten ahal zuen, «zoriontsua naiz, eta nahiko nuke ni barkatzea, gaurko egunez, nire zorionaren hilek». Ez dio muzin egin solasari, elkarrekin jarduteari; konparaziorako, hari galdera eginez gero galdetutakoari erantzuten saiatu da, hitzaren berezko izaera engainagarriari beldurrik izan barik.

Izozkiak logura kentzen dit, gin-tonika goxoegi topatzen dut eta kafeak txoratzen nau. Gure ohitura antzestralak, hunkigarriak eta maiteak, karrika-dantza ero baten segida begitantzen zaizkit. Udan, gure lurra -dei diezaiogun Euskal Herria, behin-behinean- izaki edo gauzakirik xelebreenen atzean, aurrean, alboan, gainean edo azpian paratuta, salto, jauzi, jaurti, altxa, eroan, ebaki, lasterka egiten dutenen paradisu bihurtzen da. Nonahi mozorro bitxiez jantzitakoen prozesioak, laikoak eta erlijiosoak; arraunean afanatzen diren gihar-zakuak, zernahi -pilotak, atxurrak, aizkorak, txapelak...- jaurtitzen dituzten indartsuak, tamaina eta forma guztietako objektuak -harriak, gurdiak, pardelak, bonbonak...- jasotzen dituzten morroskoak, zezen, bigantxa, behi edo txekorren aurrean lasterka doazen korrikalariak; han morroi bat antzarraren lepotik zintzilik, hemen beste bat zerria albotik xaxatuz, hor hirugarren bat, izerdi patsetan, harri bat zulatuz; paella, marmitako, ajoarriero, galtzontzilo, kulero, irrintzi, tango, su artifizial, bolero, errekortadore, plater-tiroketa, mus, idi, kros, mozorro, izozki-zurrupaketa, pleibak-lehiaketak; eta ETBn dena ikusgai, fandango-lehiaketako partaide baten eztarria berotzeko ariketetatik hasita, joteroetako bati orkatila bihurritzen zaion arte.

Nik denetan parte izan dut inoiz -esateko modu bat da-, eta denak maite ditut, gorroto bezainbeste. Eta ez bakarrik Almax doktoreak gero eta faktura handiagoa pasatzen duelako. Lore ustela, ate itxia da gure zoriona, kantatzen du Morauk; nekez ahazten da udan ere Munduko jaiek bere hartan segitzen dutela, haiek ere hagitz programa ikusgarriarekin: kaiuko lasterketa, bortxaketa txapelketa, misil jaurtiketa, gose-greba lehiaketa, eta beste keta batzuk.

Jaiak bere alderdi argia dauka, eta bere alderdi iluna. Alderdi argiaren adibideetako bat izan daiteke toki askotan Pirritx eta Porrotxen kantu bat aukeratu izana jai-ereserki -eta bitartean umeak Wazemank ikusteko desiratzen; belaunaldien arteko gerturatze baten seinale? Inbertsio batena?-. Aldiz, Hondarribian altxatzen duten plastikozko hesi beltz hori, gure jaiek negatibotik daukaten guztiaren sinbolo erabateko eta zehatza da -kasu, auzo-lotsa ez da inongoa, jaiotzez-. Eta, haratago, errealitatearen aurrean daukagun jarreraren metafora perfektua. Baina munduak arazo aski ditu, ni munduko arazoak konpontzen ibiltzeko arazoa gaineratzeko; horregatik grisen eskala kromatikoan mugitzen saiatzen naiz.

Berriz izango gara zoriontsu edozein herriko jaixetan. Total, gure zorionaren hildako gehienak urruti hiltzen dira, oraingoz.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude