Kulturaren Euskal Behatokia martxan
Kulturaren Euskal Planaren zutabetako bat zen kultura aztertzeko behatokia sortzea. Beharrezkotzat jo zuten kultur agenteek eta erakunde publikoek kulturaren esparruko informazio eskasiari, informazioa biltzeko metodo estandar ezari eta kultur arloaren azterketa beharrari aurre egiteko. Lakuan kokatuko da Behatokia eta 2008a bitartean Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak izango du haren gaineko ardura. Behatokiaren jarraipen batzordea Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek, hiru hiriburuek eta Eudelek osatuko dute, kulturgintzako hainbat ordezkarirekin batera.
Latinoamerikako Kulturen Jaialdia
Zinema izango du ardatz Latinoamerikako Kulturen Jaialdiak »La Cita deitzen zenak» hamabosgarren urtean. Irriak eta umoreak leku berezia izango dute Miarritzeko jaialdian. Hamaika film lehiatuko dira sail nagusirako, besteak beste, Brasil, Mexiko, Kuba eta Ekuadorretik iritsitakoak. Bestalde, Txileko zinemari buruzko atzera begirakoa eskainiko dute eta Federico Luppi aktore argentinarra omenduko dute. Mexikoko zinemagile gazteen lanak eta Kimuak eta Aquitaine Image programetako filmak ikusi ahal izango dira. Literaturaren gaineko hitzaldiak ere izango dira, besteak beste, Laura Restrepo eta Eduardo Manet idazleen eskutik. Arteak ere izango du lekurik eta gauero Kasinoko plazan DJek musika jarriko dute.
Auspoaren 300. liburua kalean
1954an hasi zen Antonio Zavala bertsoak biltzen, Xabierren irakasle zela. Bi urte geroago Bertso berri billa Euskalerrian zear hitzaldia eman zuen eta lau urte beranduago Auspoa bilduma abiatu zuen Balentin Zamoraren laguntzaz. Hasierako liburuetan bertsoak, prosa eta antzerkia argitaratu zuten. Beranduago, bertso liburuak nagusitu ziren eta Sendoa argitaletxearen babesa lortutakoan etorri ziren liburu ezagunenak: Xalbadorren Odolaren mintzoa, Manuel Lasarteren Gordean neuzkanak... Ordutik beste asko etorri dira eta 300.a azkena.
Kantautoreen diskoetako artea ikusgai
Kantautoreen eta artisten arteko harremana gehixeago ezagutzeko aukera dago Donostiako Okendo kultur etxean. 50eko hamarkadatik hona artista plastikoek kantautoreen disko azaletarako eginiko lanak bildu dituzte Hegan, abestiok, hegan! erakusketan. Hilaren amaiera bitarte, Zumetak Mikel Laboaren 14 diskoari eginiko azala, M. Hiribarrenek Mixel Labegerieren 4 kanturi egindakoa eta Ivan Zuluetak Vainica Dobleren Contracorrienteri egindakoa ikus daitezke, besteren artean.
Lourdes Iriondoren omenez
Abenduaren zazpian urtea beteko da Lourdes Iriondo kantaria hil zela. Irailaren 26tik aurrera haren omenezko ekitaldi ugari izango da Urnietan. Egun horretan Iriondori buruzko mahai-ingurua egingo dute Mikel Atxaga eta Joxe Mari Iriondok eta ondoren hari eskainitako Bidegileak bildumako liburukia aurkeztuko dute. 29an Lourdes Iriondo parkea inauguratuko dute eta 30ean Pier Paul Berzaitzek kontzertua eskainiko du Saroben.
San Telmo museoa Veneziako Bienalean
Hiriak: jendea, gizartea eta arkitektura da aurtengo Veneziako Arkitektura Bienaleko leloa. Espainiako pabilioiaren baitan, Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano arkitektoek Donostiako San Telmo museoa handitzeko egindako proiektua erakutsiko dute, azaroaren 19a arte.
Kontalari Jaialdia Getxon
Getxokontari jaialdia egingo da estreinakoz hilaren 22tik 24ra bitartean. A la luz de las velas taldearen ekimenez, kontalari andana izango da Getxoko Pipper's tabernan, Geltoki plazan eta Getxo antzokian: Maite Franko, Antton Irusta, Joxemari Carrere, Virginia Imaz, Itziar Rekalde...