Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea
Enpresa berria sortu da uztailean. Tokiko telebista digitalaren erronkari eusteko asmoz, Euskal Herriko sei eragilek osatu dute enpresa: EKT (Berria), EKHE (Le Journal-Gara) eta CMNtv (Deia-Noticias taldea) komunikazio talde bakoitzak enpresaren %20a dute, Bainet eta Elkarrek %10na eta Euskaltelek %20. Enpresako zuzendari nagusia Iñaki Uria izango da. Euskal Autonomia Erkidegoan, udazkenean, tokiko telebista digitalak ezartzeko lizentziak eskuratzeko aukera izango da eta enpresa berriaren helburua 15 telebista barrutietan euskarazko kate bana ziurtatzea da.
Elhuyarrek 15 urte euskara planetan
Elhuyar Aholkularitzak 15 urte daramatza enpresetan euskara planak ezartzen. Lehenengoa 1991ko irailean diseinatu zuen Elay Taldearentzat. 15. urteurrena baliatu dute irailaren 27an jardunaldiak antolatzeko. Helburua, orain arte egindakoa kontuan hartuta, erronkak definitu eta horretarako gakoak zehaztea da. Bide batez, euskara planetan aritu diren enpresa eta erakundeei egindako lana aitortu nahi diete eta oraindik ahalegin horretan urratsik eman ez dutenak animatu nahi dituzte.
Donostiako Miramon Parke teknologikoan izango den jardunaldian, hainbat ekimenen artean, mahai-ingurua izango da. Partehartzaileak honakoak: Jesus Alberdi (Elkargi), Itziar Lopategi (LAB), Xabier Mendiguren (Kontseilua) eta Patxi Baztarrika (HPS).
Epaileak A ereduaren eta EGA gainditzearen arteko erlazioa ezeztatu du
Eva De Miguel ikasle sopelarrak demanda jarri zion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. A ereduan ikasi zuen eta EGA gainditzeko gai ez zen izan. Orain euskaltegian ari da ikasten EGA azterketa gainditu ahal izateko. Hezkuntza Sailari 10.600 euroko kalte-ordaina eskatu zion De Miguelek, ikastetxetik at ordaindu behar izan dituen eskola orduak berreskuratzeko. Epaileak esan du ordea, legeak ez duela korrelaziorik ezartzen hizkuntz ereduen eta lortu beharreko euskara mailaren artean.
Euskalerria Irratiak lizentziarik gabe segiko du
Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariak, Francisco Iribarrenek, apirilean adierazi zuen Nafarroako irrati lizentziak Net21ek eta Nafarroako Unibertsitateak jasoko zituztela. Apirileko erabakiak sinadura orain jaso du eta beraz, Euskalerria Irratiak orain arte bezala segiko du, emititzeko lizentziarik gabe. EAJ, EA, Aralar eta Euskara Kultur Elkargoak kritikatu dute Nafarroako Gobernuaren jarrera.