argia.eus
INPRIMATU
Etorkin euskaltzalea edo euskaltzale etorkina
Jose Ignazio Ansorena 2006ko irailaren 24a
Uda honetan zehar Kanarietara milaka etorkin ailegatu dira era lotsagarrian eta bestelako milaka gehiago modu isilean sartzen ari dira azken urteetan gure zaharrak zaintzera edo inork nahi ez dituen ogibideetan jardutera.

Guzti honi erantzun administratibo txukuna ematea -edo gure exijentziaren indarrez agintariei emanaraztea- arazo larria izanagatik, ez da bakarra etorkinen olatuaren inguruan. Iruditzen zait gure soziedadearentzat oso kaltegarria dela geure buruen prestaketa eza. Inmigrazio honek ekarriko dituen aldaketa soziologiko guztien aurrean ez ikusiarena egiten ari garela alegia.

Ez ikusiagatik, arazoa ez da desagertuko. Hori pailazook sarri egiten dugun gag bat da. Zerbaitek beldurra ematen digunean, begiak estali. Baina ez du funtzionatzen.

* * *
Gizartearen eraberriketa datorkigu. Nola edo hala etorkinak sartu egingo dira gure herrietan, gure kaleetan, gure etxeetan. Asko sartu dira dagoeneko, baina askoz gehiago dira etortzekoak. Alegia, gure horiek guztiak, denbora laburrean ez dira gureak izango, konpartitu egin beharko ditugu. Jada konpartitzen ari gara.

Geruza batek ez du oraindik aldaketa honen tamaina ondo ikusten uzten, gertatu den arren. Batetik etorri berri hauek ezkutuan dabiltzalako, lan kondarretan, botere ekonomiko eta politikotik urruti, muturrak agerian erakusteko ere beldurrez. Gure hondartzak izan dira udan horren adibide. Hego Ameriketako etorkinen talde ugari asko zeuden hondartzetan. Noski, festa egun merkeak pasa behar. Lagun askotako taldeak ziren gehienak, hamabi, hamabost... Baina zirkulu itxian jartzen ziren, elkarrengandik oso hurbil eta oso leku gutxi betetzen zuten.

Bestetik, ez ditugu ikusi nahi, garai bateko esklaboak bizitza sozialean ikusten ez ziren bezala. Silueta isilak dira, noiz edo noiz gure ondotik pasatzean, gehienez haize xaflada txiki bat sortzen duten fantasma mutuak. Hamaika hari ikusezin baitaude beraien edozein hankasartze larriago bihurtuko dutenak. Hiriko zikinkeria dela, lapurreta edo bortxaketa gertatuz gero... aise joaten zaigu begirada beraiengana. Eta beraiek ere sentitzen dute begi horien ziztada.

Geruza hori laster batean desagertuko da. Etorkin askok lan eta lan eginez egoera ekonomiko lasaiera iritsiko dira, seme-alaba ugariak izango dituzte eta piramide sozialean igotzeko gure ume bakanek ez bezalako gogo eta irrika izango dute. Zarata sortzen hasiko dira. Orduantxe arrakalatuko da estalkia goitik behera. Eta momentu horretan, ondo prestatzen ez bagara, euskal gizarteak oso erantzun bortitz eta desegokia eman lezake.

Mezu sinple eta etnozentrikoak berehala zabal litezke, eta politikaren merkatuan ere bide horiek indarra har lezakete berehala. Begira dezagun Europako hainbat lekutan zer gertatu den. Gurean, euskaltzaleok dugun erronkan -gure kultura itotasunetik ateratzea- etsai ikus litezke tentuz eta ausardiaz jokatzen ez bada proiekzio publikoa duten buruzagi eta erakunde guztien aldetik. Izan ere, urte luze hauetako borroka eta egoera liskartsuek kanpokoari muzin egiteko atakaren ondoan jartzen baikaituzte hainbat kontutan.

* * *
Bide asko erabili beharko ditugu arazo hauei aurre egiteko. Pausoa aldatuta harrapatzen gaitu gainera. Hainbeste urte gure arazoa dela eta bueltaka, eta justu konponbidean jarri orduko, nolako eskema mudantza. Hauxe bai iraultza!

Euskaltzaleak ere etorkin izango gara soziedade berri horretan. Lortu beharko genuke etorkinak euskaltzale bihurtzea. Beraienari uko egin gabe, gurea ere dasta dezatela, goza dezatela eta batez ere gure artean geratu nahi dutenek eta beraien seme-alabek bertakoa ere maita dezatela. Euskara bereziki.

Ez da lantegi makala. Norberak bere alorrean egin beharko ditu ahaleginak. Nik ere neurean egingo ditut. Barrean, pailazotzan, erraza da elkartzea. Eta iruditzen zait, frankismoaren garaian diktaduraren aurka folklorearen erabilera promozionatu zen bezalaxe, gure folklorea ere izan daitekeela etorkinei eskua eskaintzeko modua. Merkea eta sinplea.

Abegi oneko erromeriak zabaltzen hasi beharko dugu. Gure dantzak erakutsi, elkarrekin polka edo kontradantza zaharretan lotu, fandango eta arin arinetan gozatu, eta kalejiraren ondoren ondorengoak disfrutatu. Baietz honek funtzionatu.