Denboralea

Sailkapen estropada amaituta, badoa Gorka Aquariumeko eskaileretan gora. Hamalaugarrenak izan dira erdi ilunpetan egin behar izan duten estropadaren amaieran, eta, ondorioz, urteko helburu nagusitik urruti geratu dira. Egun luzea izan da, eta seko nazkatuta dago. Lantegiko arduraduna muturtuta utzi du, lan boladatxoa izan arren, dena utzita eguerditik aurrera Donostiaratu behar izan duelako. Haserre da estropadaren antolatzaileekin, arraunlariak kontuan hartu gabe, uretako lana bi ordu luzez atzeratu dutelako. Haserre, politiko jendearekin, arrazoiarekin edo gabe, ezagutzen ez duten uretan muturra sartu dutelako, etekin politikotik edateko. Eta haserre, esker txarreko kirol honekin.

Sailkapen estropada amaituta, neguko entrenamenduak datozkio gogora: euritan, hotzetan, ilunpetan, deskantsuari lapurtutako orduetan. Eskuak eta ipurdia, larrututa eta odoletan. Une horretan, eskaileretan behera irrati gizona dator, ibili ahala entzuleei egoeraren berri emanez, kanoiaren aurrean geratu den arte, arnasotsak kontatu beharrekoa oztopa ez dezan:

«...Jakin badakizue Astillerokoek uko egin ziotela iaz Hondarribian Jaurlaritzatik agindu zien dopinaren aurkako kontrola pasatzeari. Harritzekoa ez, bestalde, agindu hura, kontuan izanik kolpetik hamasei arraunlarik eskatu zutela baimena bronkodilatadoreak erabiltzeko, eta Astillerok ez zuela arraunlariek sinatu zuten kode etikoa TKEra igorri, euren kideei aurre eginez, uste zutelako Kantabriako Gobernutik jaso beharreko diruak haien haserrea goxatuko zuela... Gogoratu, gainera, Hondarribian gertatuaren ondorioz ipinitako isunak ordaintzeke daudela eta, Jaurlaritzak ez diela parte hartzen utzi nahi De Franciscoren mutilei... dena den, ordaintzeko epea oraindik amaitu ez dela-eta, alkateak epailearen erabakia onartuko duela, beti bezala... eta federazioek Astillero tartean bada ez dakitela estropada zuzenduko duten. Baina, dena den, lehorreko epaile lehor batek erabaki duela ez dagoela kantabriarrak kanpoan uzteko motiborik... bueno bai, baina agian ez, edo akaso bai... Eta hondarribiarrek ez dutela kanpoan geratzerik merezi... eta Astillero uretara hondartzatik sartu dela, trainerua pisatzeko betarik gabe... eta ikusleek drogazaletzat jo dituztela San Joseko arraunlariak eta patroia arranplan sartu direnean...».

Kanoiaren aurrean, elkarren aurrez aurre, irrati gizonak ez du ikusi ere egin mela-mela eginda autobusera doan kirolaria, eta bere etorria amaitu ezina bailitzan segitu du.

Arraunlariak pentsatu du pena ikaragarria dela kanoi zaharrak indarrik ez izatea, azken tiroa egin eta inguru guztia isiltasun ederrenean hondoratzeko.

(...) Gorka igande eguerdian telebista aurrean jarri da eta Castroren garaipena ikusi du emozio handirik gabe. Egun bateko eta biko markek ere ez dute bere onetik atera. Ilusioa lapurtu diote eta arraunlariak batuko ote diren ere ez du oso garbi. «Zuentzat, oso-osorik», pentsatu du. Bitartean irrati gizonak eztarria galdu du ulertezina argitu nahian. Kirola izan omen da benetako garailea. Tururu!


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude