Azken asteotan krisiaz eta blokeoaz ari gara prozesuaren inguruan mintzatzen garenean. Batasunak aipatu zuen blokeo egoeraren berri, beste alderdi batzuk (PNV eta PSOE) prozesuaren osasun onaz mintzatzen ziren bitartean. Ez da ona, ordea, prozesuaren osasuna. Sei hilabete eta gero, prozesuak ezagutu zezakeen eszenatokirik kaxkarrenean gaude.
Hau da egia, hainbat aurrekarik besterik adierazten bazuten ere: Zapateroren adierazpena izan zen esanguratsuena, euskal herritarren erabakia errespetatuko duela aitortuz Batasunaren harrera beroa izan zuena; eta PSE-EErekin bilkura publikoa izan zen sonatuena. Ezker Abertzaleak prozesuaren garapenerako baldintza objektiboak bazirela aipatu zuen gertakari hauen harira eta alderdi politiko ezberdinekin bildu ostean.
Baina bi urrats horien ondotik, alderdien mahaia martxan jartzeko akordioa osatzera gindoazela, kale egin zuen alderdi sozialistak. Alderdien mahaia «ahaztu» eta oporretarako bidea hartu zuten sozialista buruzagiek, Ezker Abertzalearentzat Entzutegi Nazionaleko «zigorra» utziz.
Alderdien Mahaiaren ordez, Garzonen «mahaia», baldintza berriak, mehatxuak... eta arazoa, nonbait, Ezker Abertzalea tematu egin dela legalizazioaren inguruan. Horrela saldu dute sozialistek prozesuaren egoera, ordutik hona, beren ardura osoa gainetik kendu nahian.
Gauzak honela, Ezker Abertzaleak zuhurtziaz, tinkotasunarekin eta pazientzia handiz jokatu du orain arte, gatazkaren konponbidearen aurkako norabidean gainera «etorri» zaizkion hamaika erasoren aurrean zailtasun guztiak gainditze bidean jarri asmoz.
Eta borondate osoarekin. Izan ere, gatazkaren konponbidean aurrera urratsak emateko garrantzitsuena ez da besteari zer eskatzen zaion behin eta berriro errepikatzea, norbera zertarako prest dagoen adieraztea baizik. Ezker Abertzaleak bere borondatea zein den argi uzten duten konpromisoak adierazi eta urrats zehatzak eman ditu, Anoetako proposamenetik hona eta ETAren suetena tarteko.
Aldiz, PSOEk gatazkaren konponbiderako beharko lukeen prozesuaren norabidea eten, beste norabide batean kokatzen saiatu -bake prozesu «teknikoan»- eta amildegi ertzera eraman du prozesua. Eta PNVk une oro jakin du gauzak zertan diren, alderdi jeltzalea sozialisten arrastoari jarraikiz aritu baita. Hauxe guztia da blokeoaren gakoa.
Blokeoa gainditzea izan behar du orain gure ardura, mahai baten bueltan gatazkaren korapiloak, autodeterminazioa eta lurraldetasuna, guztion artean askatzeko bitartekoak jarriz. Horretan ari da lanean Ezker Abertzalea. Eta PSOE? Eta PNV?