36ko Gerra. Iraileko kronika: Epaiketarik gabe fusilatu zituzten

Hendaia, 1936ko irailaren 5a. Prismatikoak Irungo zeru gorriari adi-adi begira daude, urrezko eraztunez jositako esku batek heltzen ditu. Irun sutan dago. Ikuskizun harrigarria da Frantziatik Hendaiara «gerra turismoa» egitera joan diren burges aberatsentzat. 1936ko iraila hasiera hartan, bataila odoltsuaren ondoren, frankistek Bidasoako muga eskuratzea lortu zuten eta horrek Gipuzkoa guztia hipotekatu zuen. Donostiako azken defentsa lerroan borrokaldi batzuk izan ziren -San Marcosen, Santa Barbaran...-, baina erabakia hartua zegoen jadanik: Donostia ebakuatu eta hiria frankistei entregatuko zitzaien, alferrik zen kalez-kaleko borrokaldi zoroetan ibiltzea. Horrela, irailaren 13an, Lacar Tertzioko «Artaxoako Berrogeiak» hiriburuan sartu ziren inolako erresistentziarik aurkitu gabe eta hamabost egun geroago Deba eta Urola bailarak errekete eta falangisten esku geratu ziren baita ere.

Ihesaldia sekulakoa izan zen, Nafarroako sarraskien zurrumurruek izututa milaka herritarrek alde egitea erabaki baitzuten eta Donostian esaterako, 80.000 biztanletik erdia besterik ez zen geratu, agintari frankistek aitortu zutenez. Geratzea erabaki zuten askorentzat orduan hasi zen benetako amesgaiztoa, gerraren ondorengo gerra.


Errepresio aparatua martxan

Defentsa Batzorde Nazionalak uztailaren 28az geroztik «gerra egoera» deklaratu zuen eta ondorioz kode militarrean oinarritu zuen Justizia. Frankisten helburua herritarren gaineko erabateko kontrola zen eta agindu zorrotzak eman zituen horretarako. Negozioa egiteko egoera hartaz baliatu zenik ere izan zen; adibidez, La Voz de España egunkariak La Voz de Guipuzcoako egoitza okupatzeaz gain, egunkari errepublikarraren harpidedunak bereganatu zituen eta «abisua» pasa zien: «Espainia salbatzeko Mugimenduaren ideiekin bat ez egiteagatik harpidetza baliogabetu nahi dutenek, idatziz adierazi beharko dute hori». Jakina, ausarta edo inozoa behar zen izan nork bere burua salatzeko.

«Mugimenduaren» aldeko ekitaldiak aldiro egin ziren hortik aurrera: desfileak, omenaldiak, prozesioak... eta herritarrak ekitaldi horietara joan beharrean aurkitu ziren. Hain zuzen, errepresio horretan talde politiko paramilitarrek buru-belarri kolaboratu zuten eta jakina da falangista eta erreketeek atxiloketa ugari burutu zituztela hilabete horietan. Atxiloketak salaketa baten ondoren egiten zituzten normalean, baina askotan salaketa horiek ez zuten ideia politikoekin zerikusirik izaten, gerra aurreko liskar edo diru kontuekin baizik. Giro zital horretan, herritar askok beren seme-alabak Falangeko Margarita edo Reketeko Pelayo sartu zituzten, euren gaineko susmoak arintzeko.


Epaiketarik gabe fusilatuak

Ez dago zehazterik, oraingoz behintzat, zenbat pertsona fusilatu zituzten Gipuzkoa frankisten esku erori eta hurrengo hilabeteetan, baina agidanez, mila inguru izan daitezke; hilketa gehienak iraila amaiera eta azaroa erdira arte burutu ziren leku jakinetan -adituen ustez Hernani eta Oiartzunen daude hilobi handienak-. Gerra hasi besterik egin ez zenez, sistema judizial eta politiko finkorik ez zegoen eta fusilamenduak prozesu judizialik pasa gabe egin zirela uste da, isilpean. Dudarik gabe, horrek senideen ezinegona eta samina areagotu zuen; kartzelara janaria edo arropak ematera joan eta «libre» zeudela esaten zietenean, azkar ikasi zuten zer esan nahi zuen horrek, gauean ziegatik atera eta fusilatu egin zituztela alegia.

Dena den, epaiketarik egin ez izanak ez du esan nahi fusilamenduak nola hala egin zirenik. Ikerlari batzuek diotenez ondo pentsatutako hilketak izan ziren haiek eta horregatik uste dute froga dokumentalek nonbait egon behar dutela. Tamalez, oraindik zailtasun handiak daude artxiboetako zenbait eduki arakatzeko, nahiz eta urte batzuetatik hona gauzak asko aldatu diren alde horretatik.


Ondarretako horma hezeak

Donostiako portuan nahasmena nagusi zen irailaren lehen egunetan. Santa Barbarako baterien danbatekoak entzun zitezkeen eta jendeak kosta ahala kosta egin nahi zuen alde Easo Ederretik. Nahasmen hura ikusita, Joan Antonio Irulegik etxera bueltatzea erabaki zuen. Ez zuen ezer txarrik egin, beraz, ez zioten ezer txarrik egingo. Hura zen bere logika. Irulegik Intza izeneko taberna zuen Donostiako alde zaharrean, abertzale askoren bilgune, eta bertan jarraitu zuen lanean, harik eta San Bartolomeko atxilotze gunera eraman zuten arte. Bertan pasa zituen hainbat egun, baina familiaren gestioei esker askatu egin zuten. Ez denbora askorako ordea: «Igande batez, eskapularioa soinean zeramaten nafar errekete batzuk tabernara etorri eta Ondarretara eraman zuten» dio Miren Itziarrek, haren alabak. Ondarretan galdu zuten betirako haren pista.

Haizearen Orrazira bidean harri koxkor batzuk ikusi daitezke oraindik paretari itsatsita, olatuen indarrari eta denborari aurre egiten. Ondarretako kartzelaren arrastoak dira. Presondegi hori Gipuzkoako handienetakoa zen, eta bertan pilatu zituzten atxilotu gehienak. Baina horretaz gain, atxilotze gune gehiago zabaldu zituzten Donostian: Boulevardeko checka, Zapatari eta Prim kaleko egoitzak, Gobernu Zibileko eraikina, San Bartolome... Azkeneko leku honetara eraman zuten urriaren 2an Manuel Garbizu pasaitarra. Falangista batzuk joan ziren bera atxilotzera eta hortik hamar egunera fusilatu zuten Hernanin, heriotza aktan jartzen duenez «liberazio gerran suzko armaz zauritua» hil zen Garbizu, fusilatu zutela esateko modu sarkastiko bat besterik ez zen hura.


Hernaniko hilobia

Donostiatik hamar kilometro ingurura dago Hernani, hiriburutik gertu beraz. Agian horregatik izan ziren Gipuzkoako herri industrial horretan fusilamendu gehientsuenak. Udal artxiboan gordetzen den Guardia Zibilaren dokumentu batek dioenez 200 lagun inguru daude bertako hilerrian lurperatuta, horien artean Onaindia eta Aitzol apaizak. Aranzadik saiakera egin zuen 2003. urtean hildakoak bertatik ateratzeko, baina uste dute obra eta lur mugimendu asko jasan dituen hilerriko beste leku batean lurperatu zituztela gorpuak eta horregatik erabaki dute bere horretan uztea. Horren ordez, monumentu bat jarriko da hilerrian, fusilatutako pertsonen omenez.

1936ko Gerran epaitu eta fusilatutakoen espediente gehienak Ferrolgo Artxibo Militarrean daude, baina oraingoz ez da Hernanin eraildakoen izenik aurkitu. Dena den, handik eta hemendik ateratako datuen bidez, fusilatutakoen izen ugari berreskuratu dituzte jadanik eta senideen testigantzak funtsezkoak izan dira puzzlea osatzeko. Izan ere, 70 urte geroago, ez dira gutxi fusilamendu haien inguruan guganaino iritsi diren istorio eta kontuak. Esan izan da Galarreta izeneko parajean fusilatu eta zabor gurdian sartuta eramaten zituztela gorpuak hilerrira, baina badirudi hilketa gehienak Hernaniko hilerrian bertan egin zirela. Ondoko etxean bizi zen Goia familiak gertutik bizi izan zituen fusilamendu haiek; egunez hilobiak egiten aritzen ziren eta etxeko alaba Josebek hilobi horiek kontatzen zituen, horrela jakiten zuten, gau beltzeko tiro hotsak entzutean, zenbat pertsona hiltzen zituzten egun bakoitzean.


Elizgizonak: «gurutzadaren» beste biktimak

«Iturricastilloren fusilamendua, oso larria. Zein da hutsegite horren arduraduna? Justizia». Horrela idatzi zuen Lacoume aitak, Ondarretako kartzelako jesuitak. Jorge Iturricastillo apaiza 1936ko azaroaren 8an fusilatu zuten eta hura izan zen zerrenda luze baten azkenekoa. Urria eta azaroa artean dozena bat elizgizon hil ziren frankisten eskuetan, nazionalistak izatea leporatuta. Euskal kleroa matxinatuen jomugan zegoen Gerra hasi zenetik, apaiz asko abertzale sutsuak baitziren eta Gipuzkoan nahiz Bizkaian «Gurutzadak» irabazi ez izanaren errua beraiena zela uste baitzuten militar eta karlista askok.

Apaiz horien kontrako azpijokoak laster hasi ziren. Mateo Mujika Gasteizko apezpikua paretik kendu zuten nahikoa egin ez omen zuelako eta Gomá kardinalaren txosten erabakigarri baten ondoren fusilamenduak hasi zituzten: Gerbasio Albisu eta Martin Lecuona errenteriarrak lehenik eta beste asko gero, tartean hiru arrasatear -Ramiro Llamas komandante eta epaile bereziaren izena ageri da hilketa horien atzean, gero, ezkutuko arrazoiengatik, kargua kendu bazioten ere-. Fusilaturiko apaizetan ezagunenetarikoa Jose Aristimuño Aitzol dugu. Errepublika garaian mugimendu abertzalean gogoz hartu zuen parte Aristimuñok eta Gerra hasitakoan mugaz bestaldera pasatu zen. Nolanahi ere, itzultzea erabaki zuen, baina Bilbora zihoala harrapatu zuten, Galerna izeneko ontzian.



Galerna: frankistei saldutako bakailao ontzia

El Diario Vasco, 1936ko urriaren 17a: «Galerna ontzia harrapatua izan da, korrespondentzia eta zenbait bidaiari maltzurrekin, horien artean Aitzol, apaiz separatista astakirtena». Horrelaxe deskribatu zuen egunkari donostiarrak Galernaren harrapaketa. Egia esan, Galerna ez zuten harrapatu, frankistei saldua izan zen, eta horrekin batera saldu zituzten bertako bidaiarien biziak. Hala, hori baieztatzen duten German Gomez kapitainaren deklarazio batzuk azaldu dira Avilako Artxibo Militarrean. Galernako 40 bidaiariak eta tripulazio osoa Ondarretan sartu zuten eta egun bat beranduago hasi ziren fusilamenduak. Zenbait iturriren arabera bidaiari guztiak hil zituzten, baina datu hori ez da oso fidagarria; dena den, hamabi lagun behintzat fusilatu zituztela ziurtatu daiteke.

Jose Mari Elizalde Baionan igo zen Galerna ontzira. Komertziala izanik Gerrak Bartzelonan harrapatu zuen; baina ahal izan bezain laster Iparraldera joan zen, Donostiara itzultzeko asmoz. Bere alaba Conchita ondo gogoratzen da aita fusilatu zutela jakinarazi zioten egunaz, lau urte besterik ez zituen arren: «Usoz enpresako nagusia azaldu zitzaigun berri emanez eta amak oihuka eta negarrez besarkatu gintuen ahizpa txikia eta biak».

Galernako atxiloketen testigantza bakarra Jean Pelletier izeneko hegazkin pilotu frantsesarena da. Pelletierrek justu-justu salbatu zuen bere bizia eta Ondarretan pasatakoa memoria batzuetan idatzi zuen. Pilotuak azaldu zuenez, bera torturatu egin zuten eta Aitzol apaiza odoletan ikusi zuen bazter batean; gau horretan ziegatik atera eta kamioi batean sartu zituzten atxilotuetako asko, baina bera azken momentuan libratu zen kamioira igotzetik. Gero Hernanira bidean jarri zen ibilgailua, han fusilatu zituzten guztiak.


«Gorria da, senarra fusilatu zioten»

Hernaniko hilerrira sartu eta eskuinera malda bat jaitsita aurkitzen da fusilatuen hilobi komuna, haritz baten gerizpean. Hala ere, urte askoan fusilatu guztiak beste leku batean zeudela pentsatu izan da, hilerriaren beste aldean. Frankismo garaian lore sortak jartzen zituzten leku hartan ezkutuan, baina 1977an kripta bat eraiki zuten eta gaur egun fusilaturiko askoren hilarriak ikus daitezke bertan. Jose Luis Gonzalezek askotan bisitatu zuen toki hura gazte garaitan, bere amona Nieves Ochoa bertan fusilatu zutela uste izan baitute beti. Nieves Ochoa Vianakoa zen izatez, baina Donostiako Egia auzoan bizi zen. 1936ko urriaren 1ean atxilotu eta hortik gutxira fusilatu zuten, senideen ustez norbaitek dirua zor ziolako; alabak hileta egin nahi izan zion, baina ez zioten utzi. Urtebete beranduago, Atotxako frantziskotarren komentuan fusilatuen aldeko elizkizun bat egingo zela jakin zuten eta hara joan ziren azkenean. Elizkizun hori antolatzen Paulina Alustiza zegamarra ibili zen, bere senarra ere fusilatu egin baitzuten Gerra hasieran. Ez zitzaion merke atera, atxilotu eta hainbat hilabetez preso eduki zuten elizkizuna antolatzeagatik, «frankistek jazarria bizi izan zen», dio haren senide batek.

Izan ere, fusilatuen familiarrek gizarte osoaren gaitzespena jasan behar izan zuten urte askoan, denen begitan «gorriak» zirelako. Esaterako, Carlos Benito Rodriguezen kasua adierazgarria da. Madrilen jaio baina Pasaiara ezkondutako gizon ezkertiarra zen Rodriguez, senideek diotenez Donostiako Tabakalerako langile batek salatu ostean fusilatu zuten. Behin, emazteak langile hori aurrez aurre ikusi zuenean, isilik ezin egon eta bere senarraren heriotza leporatu zion; orduan langile honek emaztea bera ere salatu zuen, baina zorionez emakumeak heriotzatik libratzea lortu zuen.


Ukatutako duintasunaren bila

2002ko irailean Aranzadiko arkeologoek bi fusilaturen gorpuak berreskuratu zituzten Zaldibian. Geroztik eskaera ugari jaso ditu elkarte honek eta beste zenbait lekutan egin dituzte indusketak; azken aurkikuntza Burgoseko Lerma herrian egin dute, Debako gazte baten gorpuzkinak atera dituzte bertatik. Izan ere, Euskal Herria Gerra garaiko hilobiz beteta dago. Bitartean, instituzioek frankismoaren biktimen inguruko lege polemikoak sustatu dituzte (ikusi ARGIAko ale honen Bertso Berriak atalean, Oroimenaren Legeari jarriak bertso sorta). Bestalde, Nafarroako Gobernua ez dirudi laguntza edo babesik emateko prest dagoenik. Guzti horren aurrean, fusilatuen senideen elkarteek memoria historikoa berreskuratzeko garaia badela diote eta 70 urtez haien familiarrei ukatu zaien duintasuna aldarrikatzen dute ozen.

Literaturaren argitan
Patxi Zabaleta.
Badena dena da.
Txalaparta 1995)


(N)ondarrak?


-(...) ez al da Altxamendu Nazionala deitzen duguna erailketa, mendeku, lapurreta eta gorrotoaren atzapar gainean onarritzen? Nora goaz?

-Zer uste zenuen bada? Guduetan beti lan zikina norbaitek egin behar izaten du. Aurrekaldean hotz egiten badu, atzekaldea ezin daiteke irakiten eduki!


Iruñeko Artzapezpiku Martzelino Olaetxea eta Altxamenduaren antolatzaile Emilio Mola jeneralaren arteko elkarrizketaren pasartea duzue. Irakurleak asmatuko du nor den nor solasaldian.

Badena dena da Patxi Zabaletak XX. mendeaz idatzi trilogiaren bigarren partea da. Eleberriaren eszenatokiak Nafarroako bi herri, bata mendialdean bestea Erriberan, gertakariek Gerraren lehendabiziko urte erdia hartzen dute. Nafarroan, gerra fronterik izan ez zuen herrialdea, hiru mila eraildako, maiz, politikarekin zerikusirik ez zuten arrazoiak tarteko. Ondoren isiltasuna, ahanztura, non da anaiaren gorpua? Non dira, aita zenaren hezurrak? Egun ere, hirurogeita hamar urte pasa eta gero, hilobiak agerian. Nondarrak dira horien arrastoak?

Lan honetan, Zabaletak datu ugari eskaintzen ditu, Olaetxea eta Molaren arteko solasaldiaren gisakoak, gertagarriak edota gertatuak. Era berean, eta hori da idazle honen ezaugarrietako bat, literatura, hipotesiak baino, tesi historikoak plazaratzeko baliatzen du.

Fusilatzeekin zerikusirik duten beste bi lan, aurreko Literaturaren argitan-ean aipatu Martiria ipuina, eta Pablo Sastreren Mariaren Mendea (Susa 1992) liburuaren hasierako pasartea.

Bestalde, eta fusilatzeaz ari garelarik, ezin ahaztu, Andoni Egañaren Pausoa noiz luzatu (Alberdania 1998) liburuaren 16. kapitulua. Irakurleak mugak gainditu ditugula iritziko dio, izan ere, Garcia Hernandez eta Galanen fusilatzeaz ari da 1930eko Oskan (Huesca), alta, uste baino harreman estuago dauka gurearekin.

Hernani eta Ondarretako gertakariez hainbat lan daude gazteleraz eta antza denez Hernaniko labeena ez omen zen literatura izan, gertakariok orririk utziko al dute gure literaturarako? Ez da gugana heldu gerezi denbora. Oraingoz.

Nafarroa
Altxamenduaren zilborra izanagatik-edo, fusilatutakoen kopurua izugarrizkoa da Nafarroan, 3.000 pertsona baino gehiago hil zituzten 1936ko udatik aurrera. Duela urtebete, Fustiñanako Bardeetan fusilatuak izan ziren hainbat murtxantearren hezurrak atera zituzten lurpetik. Pauso txiki bat da, baina erretagoardian hil zituzten nafar askoren gorpuak oraindik ez dira agertu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Industria agortu eta gero, zer?

Beriain (Nafarroa), 1974ko otsaila. Potasas de Navarra enpresako langileek greba egin zuten, besteak beste, aurreko urtean Motor Ibérica lantegiko langileek egindako grebak bultzatuta. Ez zen, beraz, Nafarroako industriako lehen greba, ezta Potasasena ere. Baina Potasas... [+]


Ertzaintzaren foam jaurtigai batek pertsona bati matrailezurra apurtu zion Gasteizen

Orain arte ezagutzen denagatik, Ertzaintzak Martxoaren 3ko igandeko manifestazioan jaurtitako foam jaurtigai batek zauritu zuen pertsona hori, matrailezurra bi lekutan apurtu zioten, ospitalean dago eta ebakuntza egin beharko diote. Hori da asteazken honetan Gasteizen egindako... [+]


2024-03-01 | Euskal Irratiak
Gabi Mouesca: "Didier Laffiten etsenpluak erakusten digu lorpenak erdiesteko borrokan sartu behar dela"

Duela 40 urte hil zuen frantses poliziak Didier Lafitte Baionan. Donibane Lohizuneko arrantzalea tiroz hil zuten, Iparretarrak taldeko Gabi Mouesca autoz hitzordu batera eramaten zuela. Gertakari horren ondoren, Mouesca hamar urteko presondegi zigorrera kondenatua izan zen, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude