Uda iragan da, bero eta distiratsu. Gehiengoak oporretarik landako depresio pairatzen duela, ni bakantzetara noa, ezer ez banu maioriaren antzera behar. Munduaren norabidearen aurka ibiltzen naiz ardura, konturatu gabe ere. Madarikazio antzeko zerbait da hala ere! Alta nahi nituzkeelarik bizitza normalaren eta bizitza normalari dagokion euskara errazaren ereduak neureganatu. Segur naiz ordea Santa Graziko gauaren isiltasunean eredu-mereduak oro ahantziko ditudala.
Baionako bestek ene timinga inarrosi zuten pixka bat. Egonezina sumatzen nuen, pixa eta alkohola urrintzen zuten karrika izkinen batean den mendreneko musika entzutean. Jende saldoetan urtzen nintzen eta ostatuz ostatu segitzen nituen, arrats apaleraino. Baina, mozkor eta bazter hauste ugarietaz gain bost bortxaketa salaketa egin dira eta hori onart ezina zait, eta ez bakarrik emaztea naizelako. Batzuek diote, auzapezetik haste, neskek dituztela erasotzaileak probokatzen beren apaindura eta dei lizunegiekin »noizko bada talibanen burka Baionako bestetan?» eta gaineratikoek, milaka kide biltzen diren ospakizunetan domaia kolateral horiek ekidin ezinak direla.
Justifikazio nazkagarriak benetan.
Halaber Frantziako futbol taldearen zoritxarra aipatu da asko. Materazziren laidoak Zidanekiko eta Zidanen buru-kolpe gogorra Materazzi italiarren aurka. Aburu ikerketen arabera frantsesen erdiarentzat Zidanen ihardespena zuzena zen, atakatua izan zelako. Talionaren legea. Zer lerrakete alabaina egunero iraintzen dituzten arabiar, beltz eta inmigratuek molde horretan ihardesten baliete? Ageri da hemen bi neurri badirela. Dena dela Baionako bestetan, Dalida zenaren Zizi l'amoroso eta Claude François-ren Alexandriaz aparte, Zidane i va ma'quer abestia gehien adituriko ahairea izan da.
Amerikarrek Tourra bahitzen jarraitzen zutela ere ikasi zen agorrila hasieran. John Landis txirrindulariaren balentria azkenean erremedio debekatuek eragina zen. Hainbat kirolariena bezalaxe funtsean. Baionako bestetan, Trinkete ostatuan bazen gizon zardai bat, peluka batekin, mendiko sailkapeneko trikot zuri-gorria zeramana: dopatua bide zen hau ere gauaren bururaino joateko. Berdinki, dopatu ninduen igandearekin adiskide baten konpainian Bar Du Marché zoragarrian egin nuen bazkari galantak. Guztiek alabaina, zerbait behar dugu aitzinatzeko, zuzulutik iradokitzeko, apatiaren eta uste amankomunarekiko teman segitzeko.
Bitxiki Euskal Herria eder, erakargarri, desiragarri kausitu dut udan zehar. Barnealdekoei a priori hertsiak zaizkigula uste dugun kostaldeko hiriak bereziki. Eman dezagun Miarritzen moldatu duten itsasoari begirako Mendibururen »Harena al da zinez? Irakurle miarriztar batek argituko nau agian!» tailuarekiko plaza miresgarria da, uhinak aditzen direnean beherean arkaitzen balakari. Hondartza Handia oinezkatu dut happy fewen erdian, ontasun eta osperik gabe baina, happy fewetarik bainintzan.
Irri gutizia sortu dit udak. Tristatzeko astirik ez dut ukan: mertxika pastelak jan ditut, kafe beltzak eta gin-tonic hotzak edan, Larrain behin dantzatu osorik eta Baionako bestetan Miarritzeko ikastolako gurasoek adelatu txipiroiak klikatu. Zer gehiago behar da zoriontsu izateko Euskal Herrian? Bertolt Brecht-en olerki labur bat bi hizkuntzetan. Autobidean eguzki sartze bat sutan. Bihotzak azkenean onartzen duen amodio bat. Lucia Etxebarriaren ipuin erotiko bat. Almodovarren Volver hirugarrenez. Askatasun hurbilaren esperantza giltzapean daudenentzat.
Tregua bozkario hazle dator.