argia.eus
INPRIMATU
Beste iraultza sexual baten aurrean ote gaude?
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 19a

Sudurretik spray baten moduan ematen den botika baten ondorioak eta eraginak aztertu eta neurtzeko, AEBetan esperimentu bat abiatu zen duela urte batzuk, bederatziehun boluntarioren partaidetzarekin. Botika horren izena PT-141 da oraingoz, eta dirudienez afrodisiako berri eta indartsu baten aurrean gaude. Botikak libidoa gehitzen du eta, ikerketak dioenez bederen, ez du ez kontraindikaziorik ezta eragin kaltegarririk ere.

Boluntarioek lau urte inguru daramatzate PT-141 hori erabiltzen, eta orain arte gaia isiltasun osoz eramaten saiatu diren arren, The Observer egunkari britainiarrak lehenengo berriak kaleratu zituenetik kontua denon ahotan dago. Izenik eta bestelako xehetasunik argitaratu ez duten arren, boluntario horien iritziak oso oso onak dira: «Gorputz osoa ongi sentiarazten dizu», «desira sexual handiagoa sentitzeaz gain, gazteagoa sentitzen naiz, indartsuago», «nire andrearen ustez -eta hau adineko boluntario batek esana da-, oso ondo nabaritzen da noiz hartu dudan Viagra eta noiz PT-141».

The Observer aldizkariak hainbat espezialista farmazeutiko eta kimiko ere kontsultatu zituen, eta adituen datuak hain dira positiboak ezen kazetaren arabera botika berri honek ohitura sexualak aldatu egingo omen ditu, garai batean pilulak aldatu zituen bezalaxe. Iraultza sexual berria dela ere esan dute.

Produktua landu eta kontrolatzen duen Palatin enpresa farmazeutikoaren kontseilari delegatu Carl Spanak uste du hiru bat urte barru merkaturatzeko modua izango dutela, boluntarioekin egiten ari diren probak amaitu ostean FDA erakundeak -AEBetan botiken gainean ardura gorena duen erakunde ahalguztidunak- bere oniritzia ematen duenean. Spanaren ustez, PT-141 molekula sintetiko bat da, organo genitalak suspertzen dituena, baina baita sexuaren alderdi psikikoa ere, hau da, libidoa. Viagra pilula urdinarekin ez bezala, PT-141 honek ez ditu arazo funtzional edo fisikoak konpontzen, gizonezkoekin nahiz emakumeekin funtzionatzen du eta ez dauka inolako arriskurik bihotzeko arazoak dituztenentzat.