argia.eus
INPRIMATU
Balak zuritzen
Igor Estankona 2007ko otsailaren 21

Gidoia idatzita daukate, eta apenas dagoen inprobisaziorako tarterik. Hasi da Audientzia Nazionalean beste dozenaka euskal herritarren kontrako prozesua. 2003ko neguan atxilotu zituzten euretako lehenak, hiru urtean gauza asko gertatu dira eta, era berean, hiru mendean batzuek ez dute askorik aurreratu: sorgin ehizan sentitzen dira babesturik, kitzikaturik, ase.

Peru Aranburu ere bertan eseraraziko dute. Luzanga da, eta ez dakit hankak sartuko ote zaizkion hain leku estu eta itogarrian. Berataz gogoratzea hau guzti hau ez ahazteko nire modua izango da. Asko dira izenak, lar, eta etengabea laidoa. Nire antzean zorabiaturik eta nekaturik sentitzen zaren hori, begira egiezu hobendunei, juizioaren aurretik errua nork bere egin duten horiei.

Gogoan dut Maier enpresaren ondotik gindoazela, bidexka batetik Kanpantxura gora, Gernikan, orain dela ia hamabost urte. Gauza asko oroitzen ditut arratsalde hartaz, jakin ere ez dakit zergatik, baina zerua aratza zen, eta Peru maitagarria arean atzerago zetorren. Itxaron egin genion: Balas blancas, para la oveja negra, ahapeka kantatzen zuen Barrikadaren azkena.