argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2006ko irailaren 10

Bere kabuz hozten den botila posible ote?

Eguzkiak egunero jotzen du gure Lurra, baina «debalde» eskaintzen digun beroa oso gutxi aprobetxatzen dugu. Beroak berotzeko edota hozteko balio dezake eta azken urte hauetan Rensselaer Institutu Politeknikoko Steven Van Dessel-ek zuzendutako taldeak eguzkiaren beroa aprobetxatzen duen teknologian aurrerapen interesgarriak lortu ditu.

Hain zuzen ere, ia lodierarik gabeko mintzetan eguzki-zelulak eta bero-ponpak itsatsiz klimatizazio sistemak lortzeko bidean aurrerapenak egin dituzte.

Mintz estuetan aurrerapenak lortzeak estaldura termiko ia gardenak ekoiztea ahalbidetu dezake. Aplikazioen esparrua bukaezina da: artikulu honen izenburuan aipatu dena, hots, botilak beren kabuz hoztea edota berotzea; etxeetako berogailu eta aire girotuko sistemak ordezkatzea; edota sateliteetan energia iturri gisa erabiltzea, besteak beste.


Nitrogenoa ala airea gurpilak puzteko

Irakurle batek baino gehiagok puztu izango ditu bere gurpilak nitrogenoarekin eta gurpiletako tapoi berdeak horren adierazle dira. Hala ere, tapoi berdedun jabeei nitrogenoa erabiltzearen zergatiaz galdetuz gero, inork gutxik du erantzuna. Lerro hauetan datu batzuk ematen saiatuko gara, aipatu gaia argiago gera dadin.

Nitrogenoa kamioi, hondeagailu eta abioietan aspaldidanik erabiltzen da eta horren arrazoia airea presio eta tenperatura altuetan oso erreaktiboa izatean datza. Erreaktibotasunak gurpiletako kautxua, aluminioa eta altzairua kaltetzen ditu eta beraz, bero eta tenperatura baldintza gogorretan lan egiten duten ibilgailuetan saihestu egin behar da elementu erreaktiboak erabiltzea. Izan ere, airea gurpiletan sartzen denean oxigenoa eta nitrogenoa ez ezik ur-baporea ere sartzen da eta honek areagotu egiten ditu herdoiltzeko mekanismoak.

Bestalde, nitrogenoaren molekula oxigenoarena baino handiagoa denez, zailagoa du ihes egiten gurpilen kautxu edo balbuletatik. Gure automobilek ez dituzte, oro har, ibilgailu handien lan baldintza gogorrak izaten eta beraz, gure gurpiletako airearen erreaktibotasuna ez da hain larria. Hala ere, badago nitrogenoaren alde egiteko beste arrazoi bat: nitrogenoz puztutako gurpilen presioa ez dago ia kontrolatu beharrik eta aldiz, airez puztutakoena bai.

Eta gainera gurpilak nitrogenoz puztearen kostua ia hutsaren trukekoa da.