argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko uztailaren 19a

Ikeak ez du etxeetan banatuko katalanezko katalogoa

Altzari saltegiak irailean banatuko du doan Kataluniako etxeetan 2007ko Ikearen katalogoa. Katalanezkoa ordea, ez du etxeetara bidaliko: urrian jaso ahal izango da Ikeako dendetan. Plataforma per la Llengua elkarteak Ikea kritikatu du horregatik, eta saltokiaren hizkuntza politika «diskriminatzaile»tzat eta «logikarik gabeko»tzat jo du. Joan den martxoan Ikeak Generalitatearekin hitzartu zuenaren arabera, katalogoa katalanez argitaratzea hitz eman zuen. Ikeako arduradunek azaldu dutenez, irailerako itzulpena egiteko denborarik ez dute izan eta urrirako egongo da. Katalogoa katalanez sarean zintzilikatuta dago.


Correllengua hasi da

Herrialde Katalanetako Korrika Andorran hasi berria da, irailaren 2an. Andorran hasi eta Perpynian, azaroaren 4an amaituko den Correllengua, Andorran, Ipar Katalunian, Hego Katalunian, Valentzian, Menorcan, Eivissan eta Formenteran izango da. Katalanaren aldeko herriz herriko korrika saioa Katalanaren Aldeko Elkarteen Koordinakundeak (CAL) antolatzen du. Iaz 400 herritatik igaro zen Correllengua eta milioi erdi katalanek hartu zuten parte korrika saioan eta bestelako ekitaldietan.


Katalana blogetako bigarren hizkuntza?

Vilawebek jaso duenez, Nitle bilaketa teknologikoaren inguruko eta hezkuntza liberalaren aldeko elkarte estatubatuarraren arabera, katalana da blogetan gehien erabiltzen den bigarren hizkuntza. Nitlek erregistratuta dituen mundu osoko hiru milioi blogetatik bi milioi inguru ingelesez daude, 123.000 katalanez, 83.000 frantsesez, 80.000 gaztelaniaz eta 35.000 alemanez. Vilaweben iritziz zerrenda horrek ez du sinesgarritasun handirik. Izan ere, Technorati atariak apirilean argitaratutako txostenean, katalana ez da lehen hamar postuetan ere agertzen. Nitlek bostehun byte baino testu luzeagoak dituzten blogak hartu ditu kontuan zerrenda egiteko eta hori izan daiteke, Vilaweben ustez, emaitza horren arrazoia.


Derrigorrez flandesera

Flandeseko Merchtem udalerriko alkateak hartu du erabakia: herriko lau eskola publikoetan ezingo da frantsesa erabili, ez ikasgelan, ez jolastokian, ezta guraso bileretan ere. Eddie de Block alkateak azaldu duenez, Bruselatik, Marokotik, Turkiatik... datoz ikasleak eta integratzeko flandesera hitz egin behar dute, baita jolas garaian ere. Belgikan biztanleen %40ak hitz egiten du frantsesa eta ia %60ak flandesera. Alkatearen erabakiak hautsak harrotu ditu belgikarren artean.


Hedabideetan euskara sustatzeko Nafarroako Gobernuaren laguntzak

Nafarroako Gobernuak 250.000 euro banatuko ditu aurten hedabideetan euskara sustatzeko. 162.500 euro euskarazko hedabideentzako izango dira, 86.250 gaztelaniazkoentzako eta 1.250 prestakuntza programetarako. Irratiei dagokienez, emisio kontzesioa izatea edo izapidean izatea derrigorrezkoa da. Hala, beste behin, deialditik kanpo geratuko litzateke Euskalerria Irratia. Hala ere, Mikel Bujanda irratiko zuzendariak azaldu duenez, diru laguntza jasotzeko eskaera egingo dute, Europako Kontseiluko adituek udazkenean egindako txostenaz lagunduta.