argia.eus
INPRIMATU
All is poetry or nothing is
Andoni Mujika Ulazia @mujikaandoni 2007ko otsailaren 21a
Udazken atariko letra-txanda honetan poesiak gogora ekartzen dizkidan hiru aspektu ekarri nahiko nituzke.

Poesiaren indar estrategikoa. Gauza inportante guztietan, eta garai guztietan zehar, egon da poesia. Gero, urteetan zehar, sinetsarazi digute -erdipurdiko teknokratek eta kimera-zaleek batez ere- ez dagoela elkarbizitzarik sormenaren eta konkrezioaren artean. Orain guztiak dabiltza txiri-bueltak ematen tesi hori gaurkotu nahian. Egin eta amestu, pentsatu eta ekin, sentsibilitatea eta praktikotasuna... horiek guztiak omen dira -ziren- uztartu ezinak. LANKI ikertegiko lankide bati entzun nion Jose Maria Arizmendiarrieta pentsamenduen ekintzailea eta ekintzen pentsalaria zela, hor dohain biak batera. Edozein egitasmotan ezaugarriok ezkontzen direnean, fusioa ikaragarria da.

Poesiaren prezisioaren paradoxa. Ideia edota sentimendu konplikatuenak egokien eta zehatzen transmititzeko erreminta aproposena da metafora eta lizentzien hizkuntza. Musika tresna ez den musikadun makina.

Beraz, zer da poesia? Poesia da kolektiboen inspirazioa lortzen duen hori. Eta poeta ere hori da. Artista orok du poesia agerian, baina baita pertsona orok ere, ezkutuan edo agerian. Sintesien eztandak eta eztanda sintetizatuak, artifizierorik gabe.