argia.eus
INPRIMATU
Silikonay: «Abestia doinua baino gehiago da guretzat»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2006ko irailaren 03a
Nola egin zenuten bat, eta zer partekatzen duzue bostok?
Kaos Etiliko bukatzean Jokin, Txema eta Xabi bateria jotzaile eta abeslari bila hasi ginen. Nahiz eta musika gustu anitzak izan, guztiok punk-rockarekiko edo RRV deritzonarekiko begikotasunak batzen gaitu.

Zein helburu jarri zenituzten eta zeintzuk bete dituzue?
Taldea osatu eta hiru hilabetetara maketa grabatu eta kaleratutako 1.000 aleak hilabete gutxian saldu genituen. Horren ostean, Euskadi Gaztea lehiaketan finalistak izan ginen, eta aurten diskoa kaleratu dugu. Pozik gaude egindakoarekin, baina oraindik asko dago egiteko.

Zuen kantuetan Piperrak, Reincidentes, La Pollaren... arrastoak daude. Hainbeste zor diogu 80ko hamarkadako punk eta RRVari?
80ko hamarkadan taldekide guztiok gaztetxoak ginen, eta 14-15 urterekin entzuten duzun musikak eragin handia izaten du. 80ko hamarkadan Euskal Herrian egiten zen musikari asko zor diogu, ez bakarrik musikarengatik, baita gizartean eragin zuenagatik ere.

Salaketa hitzak idatzi dituzue. Garrantzitsua da jendea ohartaraztea?
Bai, guretzat abestia doinua baino gehiago da. Gure desadostasuna gustuko ez ditugun egoera guztiei gogor eginez erakusten dugu.

Diskoaren izenburua euskaraz da, baina hiru kantu izan ezik beste guztiak gazteleraz dira...
Gure abestiekin mezua aditzera eman nahi dugu. Gainera, taldekide guztiak ez gara euskaldunak. Horrez gain, noizean behin Euskal Herritik kanpo jotzen dugu eta halakoetan gure mezua ulertzea nahi izaten dugu. Hala ere, ahalegina egin nahi dugu eta bigarren diskoan bi hizkuntzen arteko oreka erdietsi nahi dugu.

Punkaz gain, metala, heavya edota rock hiritarra ere lantzen duzue...
Bai, noski! Beste soinu batzuei ez diegu muzin egiten. Rock hiritarraren kontzeptua gustuko dugu. Horrez gain, euskal musika tresnak gitarra soinuekin nahastea ere atsegin dugu.

* * * * * * * * * * * * * * * * * * * *
Gorrotoaren indarra, Silikonay
Hirusta
Iraupena: 54'47'' 10,95 euro


80ko hamarkadaren oroitzapena eta eragina indarrean

Kaos Etilikon eta Araba aldeko beste hainbat taldetan ibilitako bost lagun eskarmentudunek izen berezia duen honako taldea sortu zuten 2003an. Ehunka emanaldi egin ondoren, orain estreinako lana kaleratu dute gaztetxotan, 80ko hamarkadan, entzuten zituzten taldeak aintzat hartuta. Hain zuzen ere, diskoak dituen hamabi kantuetan melodia handia duen punka da nagusi, Piperrak, Reincidentes, La Polla eta ildo horretako taldeak gogoratuz. Baina, horrez gain, rock hiritarraren zein heavyaren aztarnak ere antzematen dira, baita ukitu metalero bat edo beste ere. Hitzei dagokionez, hiru abesti euskaraz idatzi dituzte, eta gainontzekoak gaztelaniaz. Ikusten dituzten bidegabekeriak salatuz gogor egiten diete enpresariei, kontratistei eta poliziari, tarteka umorearekin uztartuz.