argia.eus
INPRIMATU
Satorra eta azeria
Jakoba Errekondo 2006ko irailaren 03a
Ehizan artea badu etxeko katuak, Marikarmenek. Uraren eran menditik jaitsia da etxera larre motxean zaildutako ehiztari iaioa. Kumeak tripa beteta gozo lo utzi eta belazean behera hor doa. Gehienetan txoriren batekin bueltatzen da, baina bestelakoak ere azaltzen ditu. Mainaz eta jukutriaz azpilanean, sator-lanean arituta hor ekartzen du, tarteka, garaikurren bat. Garaikurra bai, ehizatu eta ez berak eta ez kumeek jateko imintzio zirkinik ere egin gabe ate aurrean, gure hankapean uzten baitu. Azkenekoak hiru sator sailean!

Katutarra ez baina zakur jende artekoa da azeria, letaginak zorrotz eta atzaparrak bizi denek. Satorrek gure Marikarmenekin adinakoa azeriekin, beldurra. Azeri usaina den alorretik, dituztenak eta ez dituztenak, denak emanda alde egiten omen dute.

Landareek ere badute satorra eta azeriaren artekoaren berri. Landare batzuk azeria nahiago satorra baino, honek sustraiz gora eraitsi dezake eta hark bakean lagako du. Fritillaria imperialisek adibidez. Lurpean erreboilak, lurrazalean hosto motots bat eta honen gainetik, gara sendo baten muturrean ezkila itxurako lore multzo deigarria ditu. Landare osoak, erreboilak batik bat, azeri usain nabarmena duela aspalditik ezaguna da. Lorategi eta baratzen ertzetan landatzen da satorrak uxatzeko.

Oraingoan Herbeheretako Wageningengo unibertsitateko Johannes Petrus Franciscus Gerardus Helsper irakaslearen gidaritzapean egindako ikerketa baten arabera, Fritillariak azeri usaina sustantzia soil batekin sortzen du, terpeno sulfuroso bat. Konturatzerako satorrak uxatzen dituen gai miragarriren bat eskainiko digute, lore eder hauek pixkanaka gure baratzetatik desagertuko dira eta haren lana produktu sintetiko batekin egingo da. Dagoenerako enpresari bihurriren bat terpenoaren formularen atzetik dabil, azeri. Horrelakoxea izan zen aspirinaren negoziotzarraren hasiera, sahatsaren azalean azido azetilsalizilikoa zela jabetu eta horra, egun buruko mindunik ez dut sahatsen xerka ikusten.

Neuk Fritillaria eta Marikarmen ondo zaintzea hobe dut...